Kutxak

Kutxak aipatzen ditugunean zurezko kutxa handi batzuk ari gara aipatzen, estalki eta sarrailaz hornitu batzuk; duela gehiegi ez arte, Euskal Herriko baserri askotan erabiltzen ziren. Antzina, lau hankaren gainean altxatzen ziren, karraskariak sar zitezen saihestearren, eta iltzerik gabe armatzen zituzten, zurezko larakoak erabiliz haien ordez. Erabilera bikoitza zeukatela esan daiteke. Alde batetik sinpleenak, normalean taillarik gabeak, zezina eta urdaiazpikoak gazitzeko edo alea gordetzeko erabiltzen zituzten eta, bestetik, landuenak, batzuetan tailla artistikoz apainduak, familiaren balio handieneko gauzak gordetzeko (bitxiak, arropak eta abar). Batzuetan bigarren kutxa bat edukitzen zuten, hileta-erritoetan erabiltzen ziren objektuak, argimutilak esaterako, gordetzeko.

Antxon Aguirre Sorondok Lander Urkiari egindako elkarrizketan aditzera eman eta guk geuk duela gutxi egiaztatu ahal izan dugun moduan, apaizetxeetan neurri handiko kutxa bat edukitzen zuten (1,9 m garai, 2 m zabal eta 0,6 m hondokoak izatera hel zitezkeen), eliztarrek ordaindu behar zituzten “hamarren eta hasikinak” gordetzeko.

Jose Pablo Arriaga Arrizabalagaren iritziz, euskal kutxen ezaugarriek sinbologia paganora hurbiltzen zituzten; hori nolabait moldatzeko, gurutze bat jartzen zieten. Eta beste iritzi batzuk ere badiren arren, badirudi XVI. mendetik aurrera hasi zela gure kutxa finkatzen, kasu askotan arrosetoiak ziren tailla artistikoak ere bereganatuta. Esan dezakegu XIX. mendetik aurrera kutxak ez duela bilakaera adierazgarririk izan.

Gaur egun kutxak egiten segitzen da, balio artistiko handikoak gainera kasu askotan, baina bakar-bakarrik apaingarri gisa eta etxebizitzetara egokitura, bai neurriz bai ohiko goiko taparen ordez alboko tapa bat jarrita, horrek aukera ematen baitu normalean apaindurakoak diren objektuen euskarri gisa erabiltzeko.