Labanagile ikastuna

Maisu eta ikastunen arteko kontratu ugari daude. Horien artean, adibide gisa aipatuko dugu 1573an Martin Muguruza artillariak eta 14 urteko Anton Garate ikastunak sinatutako kontratua.

Adingabekoa zenez, bere ama, alarguna zena, zen gaztearen erantzulea. Kontratua lau urte eta erdirako sinatu zuten. Denboraldi horretan, ikastunak ezin zuen inola ere bere maisuaren albotik alde egin, eta hori eginez gero, bere amak berriz ere maisuarengana eraman behar zuen. Horrez gain, zegokion isuna ordaindu eta hitzartutakoaren bikoitza lan egin behar zuen ikastunak.

Maisuak, ezarritako denboraldian labanagilearen lanbidea erakutsi behar zion ikastunari. Horrez gain, jaten eta edaten eman behar zion, baita ohe bat eta jantziak eman ere. Ikastun gisa lau urtez lan egiteagatik, Martin Muguruza maisuak sei urrezko dukat ordaindu behar zizkion ikastunari (1).

 

Oharra: Gure eskerrik beroenak Jesus eta Arantxa Alberdiri, baita Axen Larrañagari (Otaran), lan hau egiteko  informazio baliagarri eman baitigute; bereziki eskerrak eman nahi genioke Ramiro Larrañagari, emandako laguntzagatik.

 

(1) GPAH L-1 – 1.236, 229. orria.