Labanagileak

Burdina atera eta eraldatzeko euskal industriak nahiko krisi larria izan zuen XVII. mendean, Europa eta Amerikako merkatuetan beste herrialde batzuetako burdina hasi zelako agertzen. Suedia eta hainbat herrialdeetatik zetorren burdina hori gainera hemengoaren antzeko kalitatekoa zen, eta merkeagoa.

Garai hartan sortu zen lehia hark eragin nabarmenak ekarri zituen gure herrietara: lantegi askok atea itxi egin behar izan zituen, eta eskarmentu handiko langile haiek beste jarduera eta leku batzuetara jo behar izan zuten ogi bila.

Olagizon haietako batzuk Asturiasera eta Galiziara joan ziren, herrialde horietan bazirelako burdin hobiak eta basoak eta ibai eta errekak nonahi. Leku haietan burdinola hidraulikoak eraikitzen hasi ziren burdina ateratzeko, eta beren jaioterrietan ikasitako teknikak erabiliz, herrialde haietako premiei erantzuteko adina burdina ateratzen hasi ziren.

Inguru haietan erabilitako erreminta eta prozesu askotan jatorri euskalduneko hitzak agertzen dira, hala nola, “aroza” olako arduraduna adierazteko eta “agoa” labetik ateratzen den burdina urtuari deitzeko. Gaur egun oraindik ere badira deitura euskaldunak, hala nola, Legazpi eta Azcarate.

Burdingintza horren ondorioz eta babesean, Eo ibaiaren (Lugo-Asturias) ibilbidearen erdialdera burdina lantzeko modu berezi bat sortu zen: ura erabiltzen zuten mailu txiki batzuekin burdina lantzeko. Aldi berean, eskulangintzako lantegiak ere sortu ziren. Hala, burdina eraldatuz lanabesak, ferrak, labanak eta burdinazko beste hainbat eta hainbat produktu ateratzen hasi ziren.

Alabaina, iragan mendeetako jarduera horiek ez zuten biderik eman industria sendo bat gorpuztu eta gureganaino helarazteko. Gaur egun, industria haren arrasto batzuk gelditzen zaizkigu, hala nola, eskuz egiten diren labanak. Burdinaren eskulangintza hori Asturiasko Taramundin kokatzen da gehienbat, Asturias eta Galizia arteko mugan.

Taramundiko labanagintza 1870. urtearen inguruan hasi zen, eta 1960an jada jarduera horretako 80 lantegi zeuden kontzejuan. Gaur egun 12 eskulangintza lantegi daude ogibide horretara dedikatuta, eta horietan 25 langile ari dira lanean beren arbasoengandik jasotako lanbide eta ekinbideetan.

Herriko produktu eta balio turistikoen irudia Administrazioarekin lankidetzan garatuz, Taramundiko labanagintzak eta bertan egindako labanek ospe handia irabazi dute. Gaur egun asko preziatzen dira bertako labana eta eskuz egindako beste produktu batzuk.

Herri horretarako eskulangileek egun egiten dituzten labanek antzeko diseinua dute, ezaugarri komun batzuk dituzte. Eskualde honetan egindako labanak, beraz, erraz bereizten dira beste batzuetan egindakoetatik. Eskuz egiten dituzte, sailetan eta sarri bezeroak eskatutako ezaugarri, bereizgarri eta tamainarekin. Labanagileek hartzailearen izena xaflan bertan idatzita ere egiten dituzte labanak.

Eskulangile horietako batzuk aipatzekotan, Antonio Díaz y Bermúdez eta bere seme Antonio Díaz Álvarez aipatu beharko genituzke. Bi horiek Vega de Llan-en dute lantegia, Taramunditik kilometro eskasera; biak bereizi dira labana, guraize eta aizturrak egiten, eta eskualde hartan bakarrak dira gainera azken lantegi horretan.

zorrozteko tornuaEskualdera argi-indarra sartu aurretik, labana eta ganibeten akabera pedalez mugitzen zen zorrozteko tornuan lortzen zen. (J.A.Azpiazu argazkia)

Hareharrizko gurpilakErreminta handiak eta lanabesak hareharrizko gurpil handiekin zorrozten ziren. Harriak, ardatz batean sarturik, gurpil hidrauliko batez mugitzen ziren. ( J.A.Azpiazu argazkia)

Díaz artisauakDíaz artisauak, aita-semeak, bere lantegian. (J.M.I. argazkia).