Labariak

Burdinurtua eskuratzeko, usadioz erabiltzen ziren kubiloteak labe zilindriko eta bertikalak ziren. Bertan, goiko ahotik burdina eta koke geruzak jartzen ziren ondoz ondo. Urgarri gisa kareharria erabiltzen zen, eta horrela burdinurtua labeko beheko ahotik ateratzen zen. XVI. mendean gaur egungo labeen aitzindariak erabiltzen hasi ziren, eta mendeetan eskuratutako eskarmentu nahiz aurrerapenen ondorioz, gaur egun ezagutzen ditugun labeak ditugu.

Labariek kubiloteak behar bezala funtzionatzen zuela ikuskatu behar zuten. Kubilotea galda bat burdinurtu egiteko adina molde-kaxa egiten zituztenean pizten zen, lantegiaren arabera bi edo hiru egunez behin.

1950eko hamarkada aldera, labariek egurraz sua piztu behar zuten, eta jarraian, kubilotearen goiko ahotik lehengai geruzak sartzen zituzten: burdinurtu, txatar eta koke totxoak, baita galda hobetzeko beste ferroaleazioak ere, eta kareharria elementu urgarri gisa. Lan hori guztia eskuz egiten zen, lehengaiak saskietan garraiatuz. Totxoek 30 eta 35 kg bitarteko pisua zuten, eta kubilotean sartu baino lehen borrekin kolpatuz txikitu behar izaten ziren.

Metalurgialariak, galdategiko buruak edo kontramaisuak jakin behar izaten zuen zenbat txatar, totxo ezberdin eta ferroalezio nahastu behar zen kubilotean. Iraganean, lan hori urteetan zehar eskuratutako eskarmentuaren arabera kalkulatzen zen, horrela galdatu behar zen piezaren araberako burdinurtu-nahasketa eskuratu ahal izateko. Horrez gain, kontramaisuak burdinurtuak galdaketa egiteko adinako tenperatura noiz eskuratzen zuen ere jakin behar zuen. Horretarako, burdinurtuaren kolore gorrixka edo horixkaren intentsitate nahiz distirari begiratzen zion. Lehen galda egin arte burdinurtuaren egoera egiaztatu ezin zenez (hau da, kubilotearen beheko ahoa ireki arte), burdinurtua kubilotetik irteten hasten zenean, koloreagatik tenperatura egokia ez zuela ikusten bazuen, burdinurtu hori garrantzi gutxiagoko piezak egiteko erabiltzen zen.

Momentu horretan galdaketa egiten zen. Horretarako, burdinurtua kubilotetik koilaretara isurtzen zen, eta handik, garabi baten bitartez, likidoa moldeetan isurtzen zen. Llikidoa isurbidetik atera zedin saiatzen ziren, baina hori lortzeko eskarmentu handiaz gain, nahiko trebezia ere behar zen. Pieza txikiak egiterako orduan, koilara txikiagoak erabiltzen ziren, eta garabi baten ordez bi langilek garraiatzen zituzten.

Moldeak betetzeko momentua zen prozedura osoaren funtsa, oso eragiketa zaila baitzen. Galdategiko buruak edo kontramaisuak burdinurtua abiadura egokian isuri behar zuen, ez azkarrago edo polikiago. Polikiegi isurtzen bazuen, burdinak isurgarritasuna galtzen zuen, eta ondorioz, moldea gaizki betetzen zen eta piezan akatsak sortzen ziren. Azkarregi isurtzen bazuen, burdinurtuak moldearen hormak hondatu zitzakeen.

Kubilariak, moldekatzaileek bezalaxe, ikastaldia enpresa berean egiten zuten, Lehenbizi laguntzaile gisa, denbora igaro hala eskarmentua eta ezagutza bereganatzen joateko.