LABE-HUSTUTZAILEAK

Labe-hustutzaileak, “boquillero” ere deituak, kaltzinatze labeen beheko aldean aritzen ziren, eta eginkizuna zuten karbonatu tratatua labetik ateratzea.

Ezagutu ahal izan dugun labe-hustutzaile gutxietako bat Agustín Aguirre Lelerias da, Kantabriako Valle de Sadan jaioa 1922ko apirilaren 9an; oraindik ere, urteetan oso aurrera doan arren, ez da geldirik egotekoa, esate baterako ehizan aritzen baita. Gaztetan abelgorriak zaintzen zituen, harik eta gurasoak Karrantzara (Bizkaia) aldatu ziren arte burdinola batean lan egitera. 1946an Solvai S.A.n hasi zen, Torrelavegan (Kantabria), eta 1952an Mina José-n sartu zen lanera, Gallartako (Bizkaia) Cotorrio auzoan; meategi barruan “bagoiak hausten eta kargatzen” zituen, “tarea” esaten ziotena eginez alegia. Bere soldata osatzeko “Renferen” bagoiak kargatzen zituen geltokian, eta urtetan zehar aritu zen, gainera, labe-hustutzaile lanetan.

XX. mendeko hirurogeiko urteen hasieran “makinista” hasi zen, eta 300 m inguruko desnibela gainditu behar zuen, geltokiraino; han, bagoiek “Renferen kalapatxa” esaten zietenen gainean baskulatzen zuten. Erabiltzen zituzten makinetan sartutako aurrerapen teknologikoak zirela eta, bere ezagutzak eguneratzeko aukeratu zuten; Nurenbergera joan behar izan zuen, Alemaniara alegia, eta hilabetea igaro zuen bertan. Lehen meatzeak itxi zituztenean XX. mendeko hirurogeita hamarreko urteen amaiera aldean, Emilio Merodio azpikontrata-enpresara igaro zen, makinista eta txofer gisa, erretiroa hartu zuen arte.

Mina José-ko kaltzinatze labeak labe-hustutzaileak erabili behar zituen lau aho zeuzkan, eta haizegailu bat halaber sua goiko parterantz bideratzeko. Burdin sarea zabaltzen zenean karbonato kaltzinatua kanpora ateratzen zen, betiere irekitze horren araberako kantitatea. Mea sutan ateraz gero, itxi eta beste ahoetan jarraitu behar zen lanean. Ikatzak karea daramanez, batzuetan karea ateratzen zen, baina horrek ez zuen ezertarako balio. Labe-kargatzaileak 100 bat tona botatzen zituen goitik egunean, eta beheko partean labe-hustutzaileak kantitate txikixeago bat ateratzen zuen. Mea kaltzinatua “Renferen bagoietara” baskulatzen zuten bagoietan jartzen zuten.

Agustín Aguirre (Argazkia: Marisa Eguillor)Agustín Aguirre. (Argazkia: Marisa Eguillor)

Karbonatoa erretzea saihesteko, labeak har zezakeen tenperatura altuena 900 ºC-koa zen. Hori gaindituz gero, mea hauts bihurturik ateratzen zen, eta ezin zen erabili. Labeko ahoa zabaltzean hautsa eta karea ateratzen ziren, eta horiek eztula eragiten zioten labe-hustutzaileari.

Agustín Aguirre. (Argazkia: Marisa Eguillor)

Agustín Aguirreren iritziz, labe-hustutzaile lanbidean ongi aritzeko ezinbestekoa da eskarmentua.

Larunbat eta igandeetan ez zuten lanik egiten, eta labearen goiko partean bagoi kargatuak uzten zituzten.

Laneguneko 25 bagoiko tarea edo eginbeharra zuten esleituta, eta pezeta bat gehiago ordaintzen zieten “tarea” horretatik gora egiten zuten bakoitzeko. Labe-hustutzaile lanean 240 pezeta irabazten zituen astean, Altos Hornos-eko langile batek jasotzen zuenaren bikoitza, eta ekonomatoa ere bazeukaten. Makinista eta txofer lanak ere egiten zituenez, soldata 550 pezetara iristen zen, astean. Ferratzaile eta artillari lanak ere egiten zituen, beharra sortzen zenean.