LABE-KARGATZAILEAK

Labe-kargatzaile ezagunenetako bat Pedro Roque Antunez da, 1927an Cedillon (Cáceres) jaioa. Hainbat lanetan aritu zen eta 1955ean Bizkaira jo zuen, kareharriaren esplotazioan jarduten zuen Urtuellako Cantera Uriein-en bagoi kargaketan aritzeko. Urtebete pasatxo egin zuen bertan, eta gero Franco-Belga meatzaritza enpresara igaro zen, horretan ere hainbat lanpostutan aritzeko ezen aireko tranbietan bagoiak aldatzetik galgari laneraino heldu zen, besteak beste, zenbait arrazoi tarteko lanera joaten ez zirenak ordezkatzearekin batera. Konpainia horretan 30 urte egin zituen, harik eta 1985ean, 59 urte zituela, erretiroa hartu zuen arte.

Bere lan bizitzako azken bost urteak labe-kargatzaile gisa eman zituen, lehenbiziko laurak lankide batekin, eta azkenekoan bera bakarrik aritzen zela kaltzinatze labearen goiko partean. Inork nahi ez zuen lanpostua zen hura.

Eginkizunak

Labe-kargatzaileak, lehen esan bezala labearen goiko partean zegoela, karbonatoa eta ikatza jasotzen zituen, baldetan, aireko tranbia baten bidez iristen zitzaizkion eta. 8 tona materialeko, 30/40 kilo ikatz botatzen ziren, geruzak eginez, ikatza eta karbonatoa txandakatuta alegia. Lan hori egin bitartean prozesua mantendu egin behar zen, karbonato eta ikatz palakadak botaz segida batean. Labe-hustutzaileak ateratzen zuenean jada kaltzinatuta zegoena, karbonato edo ikatz horiek isuri egiten zituen, eta ke izugarria ateratzen zen, langilearen osasunarentzako gas kaltegarriz beterik inolaz ere; enpresak langileari ematen zion aurpegiko babesaren eginkizuna ke horren eragin kaltegarria arintzea-edo zen. Indarrean zegoen legea betez konpainiak sei hilean behin ematen zion buzo berria ere berehala hondatzen, zehatz esanda erretzen, zen.

Meatzaritzako lanetan, harri-zulatzaileenean esaterako, ohikoa zen lansaria prima edo destajukoa izatea. Alabaina, labe-kargatzaileen kasuan oinarrizko soldata eta erregaia aurrezteagatiko prima hartzen ziren kontuan, labe-hustutzailearekin erdibana banatu beharrekoa azkena, eta “puntuak” ere bai, eta 1986an horrek guztiak 3.800 pezeta egin zitzakeen, hilean. Ordutegiak meatzaritzako ohikoak ziren. Langile batzuek lantokira bertara eramaten zuten janaria, eta beste kasu batzuetan emakumeek eramaten zieten eguerdi partean. Enpresak toki bat jartzen zuen janaria berotu ahal izateko.