Laborariak

Baserritarrek mintegitik hartzen zituzten haziak behin betiko lekura eramateko. Santiago Salegi Alkortak (1928) dioenez, oso garrantzitsua zen landarea hazi eta bildu arte egongo zen kokapen hori ondo aukeratu eta prestatzea. Beraz, aldez aurretik lurra sarritan ongarritu behar izaten zen neguan zehar. Horretarako erabiltzen zituzten ongarriak batez ere simaurra, potasa, karea, eta holakoak izaten ziren.

Tabako-belarra bere behin betiko kokapenean zegoelarik, ondo hazteko behar zituen arreta eta zainketa guztiak eman behar zitzaizkion. Tabakoa hezetasun giroan hazten da, beraz lehorteak edo ur gutxiko aldiak zirenetan berariaz ureztatu behar izaten da.

Belarrari, halaber, puntak kendu behar zitzaizkion, hau da, lorea kendu edo kimuak moztu, eta zurtoinaren behe aldeko begi eta adar guztiak inausi; lurra aitzurrarekin jorratu, landarearen inguruan sortzen diren belar txarrak kenduz, eta landarearen zurtoinaren inguruan lurra metatu.

Lan horiek guztiak lagungarri ziren landarearen hazkuntzarako eta hostoen kalitaterako, azken batean tabakoarentzako.

Tabakoaren laborantzan aritu diren baserritarrek uste dute eskarmentuak erakusten duela tabako-belarra biltzen hasteko une egokiena zein den. Ohiz irailean hasten zen tabako-belarraren bilketa.

Belarra arrasetik mozten zen aizkora txiki batez edo igitaiaz, zurtoina 50/60 mm ingurukoa zenean, eta lurrean uzten zen aireztatzen, baina eguzkira jarri gabe. Landareak ondoren lehortegira eramaten ziren. Ohiz baserrietako ganbara edo mandioetan edukitzen zituzten lehortzen, batzuetan ukuiluetan edota sukaldean bertan ere gordetzen bazituzten ere. Belar bakoitzaren 15/20 hostoak eskuz eta banan bana aletu eta sortak egiten zituzten, alanbreaz lotu eta lehortegian zintzilikatzeko.

Tabako-belarraTabako-belarra Oikinako Epiola Azpikoa baserriaren alboan, iragan mendeko hogeita hamarreko hamarraldian. (Javier Arritxu Salegik utzitakoa).

Koldo Lizarraldek (1) Elgoibarren tabakoak izan zuen laborantzari buruzko ikerketak egin ditu eta berak adierazi digunez "tabako sortak egin eta esekitzeko erabiltzen zuten alanbrearen bi ertzetan oteaz egindako gurpiltxo antzeko batzuk jartzen zituzten saguak hosto sortara ez iristeko. Hartara, oteaz egindako gurpiltxoa, ziztatzeaz gain, biraka hasten zen sagua botaz". Batzuetan, lokala berotu egiten zen, tenperatura eta aireztatzea oso garrantzitsuak direlako hostoak ez usteltzeko.

Tabako hostoak lehortu ondoren, fardeletan biltzen ziren hostoak bata bestearen gainean gurutzatuz. Fardel horiek tabako-belarra ontzeko biltegira bidaltzen ziren Iruñera.

Tabakoa kalitatearen arabera sailkatzen zen, eta kalitatea teknikari arduradunek erabakitzen zuten, horiek ondo zekitelako bereizten zein ziren hazkuntzan baserritarrek mimo handiz zaindutako belarrak.

Lortutako kalitatearen arabera kitatzen zen ordainketa, eta horretan baserritarren ordezkari batek parte hartzen zuen. Bitxia badirudi ere, Europako Batasunak gaur egun tabakoagatik ematen duen diru laguntza laborariek jasotzen dutenaren zatirik garrantzitsuena da.

Tabako-belarra, ohiz izan duen erabileraz gain, "angulak hiltzeko" ere erabiltzen da, eta hala egiteak, gainera, berebiziko garrantzia omen du txitxardinaren kalitate onerako. Horiek "arrantzatzen dituzten lekuetako etxekoandreak" benetako maistrak omen dira eginkizun horretan.

Errazionamendu garaian, eta ez da ahaztu behar iragan mendeko berrogeita hamarreko hamarraldiaren erdira arte iraun zuela, hau da, "koñakaren garai"etan, batzuetan tabakoarekin puruak eta zigarroak egiten ziren gero eibartarrei ehizarako kartutxuekin trukatzeko. Nork bere tabakoa erretzeko ere ereiten omen zuten tabako-belarra.

Zumaia aldean hogeita hamar baserritik gora aritu ziren tabakoaren laborantzan gerra ostean.

 

Berri-emaile nagusiak

  • Eustaquio Alberdi Lizaso (1922).
  • Santiago Salegui Alcorta (1928)

Oharra: Javier Carballoren ekarpenak funtsezkoak izan dira lan hau egin ahal izateko.

 

(1) Apuntos etnográficos (1) . Koldo Lizarralde Elberdin. Ayuntamiento de Elgoibar 1994.