Lan baldintzak

Tailagile autonomoak bazeuden ere, oro har beste norbaitentzat lan egiten zuten langileak izaten ziren, “luxuzko” deitutako enpresa altzarigileentzat, hain zuzen ere. Hala eta guztiz ere, ohikoa izan da jarduera horrekin batera enkarguzko lanak ere egitea, etxean bertan edo lokal txikietan, eta horri esker diru-sarrera handiagoak izaten zituzten.

Bi jardueretan aritzea posible izaten zen pieza gehienak tailatzeko ez zelako leku handirik behar, eta batez ere tailagileak lanerako erabiltzen zituen tresnak bereak zituelako. Langile hauek kontratatzen zituzten enpresek kopuru bat ordaintzen zieten, kantitate txikia bazen ere, “tresnen higadurarengatik”.

Espainiako Guda Zibilaren aurretik “ebanisten gaineko” maila profesionala aitortzen zitzaien tailagileei. Berrogeiko hamarkadan maila hori galdu eta “zerratzaileekin parekatu gintuzten”, zioen tailagile beterano batek, eta gaineratzen zuen “egurra edo kortxoa (lansariak ezartzen zituen lan araudiari buruz ari zen) beti metala baino okerragoa”.

Remigio Lertxundik 1942an Arin y Embil enpresan 2,18 pezeta irabazten zituen egunean zortzi orduko lansaioa eginez, eta 3,7 pezeta urtebete beranduago, Gizarte Segurantzarik gabe, ez baitzen eskatutako gutxieneko adinera iristen (hamalau urte). Gogoan du frakzioak postako seilutan ordaintzen zirela, eta pezeta bat osatzen zenean enpresan bertan aldatzen zirela. 1944. urtean 4,5 pezetako lansaria izatera iritsi zen eta Gizarte Segurantzan alta emanda zegoen; 1950ean 16,70 irabazten zituen eta 18 pezeta 1960. urtearen inguruan (astean sei egun, 10 orduko lansaioa).

Manuel Sanjuanek adierazten duenez, 1944. urtean tailagile aprendiz batek hiru pezeta inguru irabazten zuen egunean, eta lehen mailako ofizial batek hamabost inguru, eta hiru urte beranduago hogeita bi.

Gabino Aizpuruk dioenez, eginkizunak oso errepikakorrak zirenean Azpeitian ohikoa zen lana honenbestean egitea (20 pieza inguruko serieak), eta hori “lanaren kaltetan doa”, baina horrek aukera ematen zuen artisauen soldatan funtsezko hobekuntza lortzeko. 1949. urtean artisauek 120 pezeta gutxi gorabehera kobratzen zituzten, 10 orduko lansaioak eginez, baina zenbaitetan larunbat arratsaldetan ez zen lanik egiten.

Joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdeaz geroztik tailer batzuetan denbora zehatz bat ezartzen zen taila lanak egiteko, eta ezarritako denboratik beherako denbora erabiltzen zuenari jaitsitako denboraren araberako saria ematen zitzaion. Tailagile beteranoen ustez sistema horrek lanaren kalitatean eragin txarra zuen.

Baliteke hori izatea “los hachazos en las alturas parecen molduras” esapidearen jatorria; izan ere esaera hori erabiltzen zen adierazteko hainbat langilek tailatzerakoan ez zutela ardura handiegirik jartzen bezeroek arreta nekez jarriko zuten taila lanetan.

 

Bibliografia

  • Adegi. Asociación democrática empresarial de Gipuzkoa. Hileroko aldizkaria,  6. zenbakia. Apirila, 1979.

 

Oharra

Argazki guztiak Javier Carballo Berazadik egin ditu. Horretaz gain, haren lankidetza oinarrizkoa izan da lan hau burutu ahal izateko.