Lanbide garrantzitsu baten amaiera

Herritarren oroitzapenean iraganeko kanpai-joleen eta kanpaien inguruko gertakari eta kondaira ugari daude. Leintz Gatzagako kanpai-jolearen semeak goizero jo behar zituen kanpaiak, eta horretarako oso goiz esnatu behar zuen. Baina oso buruargia zenez, azkenean aitak agindutako lan hori ohetik egitea asmatu zuen. Izan ere, eliza ondoko etxe batean bizi ziren, eta soka eta alanbrezko mekanismo bat bere gelaraino helarazi zuen, ohetik bertatik lan hori egin ahal izateko. Ez zen bakarra izan: Soraluzeko sakristauak ere kanpaiak bere etxeko sukaldetik jotzen baitzituen. Elektrifikazioari esker, horrelako gauzak egitea errazagoa da orain.

Luis Ezenarrok dionenez, herrien arteko lehiak kanpai-hotsetan islatzen zirela uste zen. Herri bateko kanpandorreko ezkilak azkar itzulika jotzen zirenean, "betimiseri, betimiseri..." zioela ematen zuen. Ondoko herriko kanpaiak berriz, baritono gisako soinu eta erritmo motelagoarekin horrela zirikatzen zuen: “Izan…daizango…izan…daizango…”. Eta beste herri bateko kanpai handi batek, baxu soinu sakonarekin eta erritmo erabat motelarekin, beste bi herrien arteko lehia ez zitzaiola batere axola esaten zuen: “Hor...konpon…hor…konpon…”.

Ramiro Larrañagak kontatzen digu (Soraluze. Monografía histórica, 1993. 147-148 orrialdeak) ekaitza gertu zegoenean, Joxe Urizar “Arteta”-k, herritarrak San Andresko ermitako kanpaiarekin abisatzen zituela: “Han, han, han". Handik pixka batera, herriko elizako kanpandorreko Santa Barbara izeneko kanpaiak, soinu baxu eta sakonarekin "Nun, nun, nun" erantzuten zion. Eta ordurako hodeiak oso gertu egoten zirenez, Santa Klarako mojen kanpaiek dagoeneko euria ari zuela egiaztatzen zuten: “teilatuan, teilatuan, teilatuan”.

Eliza

Kanpai-jole beteranoek elkarteak ere sortu dituzte lanbide horretan aritu zirenak biltzeko, (Europako hainbat herrialdeetan tradizio handikoak dira), besteak beste Cofradia de Campaners de Catalunya, urtero trobada de campaners izeneko jardunaldiak antolatzen dituzte. 2001ekoa 14. edizioa izan zen eta Lleidako Noguera eskualdean ospatu zen. Jardunaldiak antolatzeaz gain, lanbidea ikasteko kurtsoak ere eskaintzen dituzte. Gremi de Campaners Valencians elkartea ere aipatzekoa da. Halaber, eliza eta ermita batzuk parte hartzen zuten kanpai kontzertuak ere antolatu izan dira.

Honek guztiak kanpai-joleen mundua desagerraraztea atzeratu dezake, baina ezin du hori sahiestu, ezta nahiko modu txarrean desagerraraztea ere. Horren zergatia jakiteko nahikoa da esatea kanpai-deiak mekanizatzen direnean ez direla ezta herri bakoitzeko hots eta erritmoak mantentzen ere. Gehienetan, herrietako kultura eta ohiturekin batere zerikusirik ez duen hornitzaileak nahi duen soinuekin ordezkatzen dira.