Lanbidea

Markoa modu tradizionalean egiteak teknika batzuk jakitea eskatzen du, hasi zura prestatu eta ahokadurak egitetik eta apaindura jarri artekoak. Ez da harritzekoa beraz lanerako egiten diren kontratuetan izen bat baino gehiago agertzea lanbide hau adierazteko. Zizelkatzaile deitzen zieten gehienetan XVI. eta XVII. mendeetan, edota batzuetan mihiztatzaile edo arotz. Baina, XVII. mendearen amaieratik aurrera zurgin deitzen zitzaion lan honetan ari zenari. Eta mende batzuk geroago, marko egile hitza erabiltzen hasi ziren. Babestu nahi zen artelana egiten zuen artistak berak egiten eta apaintzen zuen batzuetan markoa.

Zura izan da markoak egiteko gehien erabiltzen zen materiala. Horretarako aukeratutako zurak bere eginkizuna behar bezala betetzeko moduko ezaugarriak eduki behar ditu. Kontratu batzuetan adierazten zenez, zuhaitza "ilargi on"ean moztu behar zen, hau da, ilbera; horrez gain, kontratuetan adar-begi gutxikoa izatea adierazten zen, baita ere zenbat denbora eduki behar zuten landu gabe lehortzen eta egoki ondu arte.

Hemen gehien erabili ohi diren zurak ezpala, gaztainondoa, limoi-zura (zuhaitz mirtazeoa), intxaurrondoa, madariondoa, pinua eta haritza izan dira, betiere aroaren eta eskualdearen arabera. Aberatsenek, hala ere, kaoba, zedroa, ebanoa eta Flandesko pinua eta haritza ere eskatzen zituzten. Baina beste material batzuk ere erabili ohi dira, hala nola, brontzea, kareia, hezurra, marfila, nakarra, lapis lazuli, zilarra, beira eta kristala.

TailerraArgazkiak: Antxon Aguirre Sorondo

Lehenengo eginkizuna markoaren diseinua egitea izaten zen, eta hor markoaren egileak bere sormenaz jokatzen zuen, betiere eroslearen apeta kontuan izanik. Ondoren zura mozten zen markoaren amaierako neurrien gainetik; bi edo hiru egun uzten zen zura "posatzen", gerora artelana hartuko zuen markoak bihurdurarik izan ez zezan eta horrekin artelanari kalterik ez ziezaion egin. Aurpegia eta alboak lantzen ziren ondoren, eta lan horretan funtsezkoa izaten zen artisauaren abilezia eta artea. Gero, ertzak leuntzen zitzaizkion zurari eta kopadurarik ez zuela ziurtatu ondoren, piezak elkartzera jotzen zen, molduren dimentsioak kontuan izanik. Markoa doitu ondoren, hau da, atalak lotu ondoren, kola eman eta lixatu egiten zen.

Markoak apaintzeko prozesua ohiz oso garrantzitsua izan da, eta horretan teknika asko erabili izan dira, hala nola, tailatzea, marketatzea eta inkrustatzea, polikromatzea, urreztatzea, zizelkatzea eta mateatzea.

Markoak egiteko lantegiaMarkoak egiteko lantegia, Diderot eta D'Alembert-ek XVIII. mendean egin zuten "L'encyclopédie"tik hartutako grabatu batean.