Laneko ordenantza

Industria metalurgikoaren 1970eko laneko ordenantzak ez du inolako aipamenik egiten kronometratzaileen gainean. Kontuan izan behar da garai hartan lanbide berria izan ez balitz Lanaren Antolaketa Zientifikoaren Bulegoetako lanbide zerrendetan agertuko zela.

Atezainarena agindupeko lanbidetzat agertzen da zerrenda horietan, eta honela definitzen da bere lana: "bere gainetik daudenek ematen dizkioten aginduekin bat fabrika edo lantegietako sarrerak kontrolatzen ditu, zaintza edo jagoletza lanak eginez".

Zerrenda-arduradunak ere agindupeko langiletzat jotzen dira aipameneko zerrendan, eta langileen sarrera eta irteera orduak kontrolatzeko ardura ematen zaie, baita lanera hutsegiteak, esku lana, aparteko orduak, langileak egon diren lanpostuak zehaztea eta irabazitako orduak jasotzea ere. Baina ez dute eskuartuko prima eta honenbestekora ari direnen koefizienteak zehazterakoan. Zerrenda-arduradunak kobratze orriak banatuko ditu, alta eta bajen berri emango du, betiere medikuen aginduz direnean, eta berak lan egiten duen lantoki, atal, zerbitzu edo saileko pertsonalak betetzen duen ordutegia izango du.

Enpresako lanaren antolamenduagatik zerrenda-arduradunak, bere ohiko lanez gain, prima eta honenbestekora ari direnen kitatze lanak egiten badituzte eta horien zenbatekoak pezetatan kalkulatzen badituzte edota holako lanak edo eginkizun horiekin zerikusi dituzten lanak egiten badituzte, bigarren mailako administratzaile ofizialtzat sailkatuko dira, baina gainontzeko baldintzei dagokienez beren lanbide kualifikazioari dagokionari atxikita jarraituko dute.

Aurreko paragrafoan zehaztutakoaz gain, lanean bost urtetik gora daramatzaten zerrenda-arduradunek bigarren mailako administrari ofizialen ordainsariak jasoko dituzte, eta gainontzeko baldintzei dagokienez beren lanbide kualifikazioari atxikita jarraituko dute.

 

Oharra: Lan honetarako Jose Zufiaurrek (Beasain) eman digun informazioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.