Lanerako teknikak

Bitxigile onak teknika ugari menperatu behar ditu eta artikuluak elaboratzeko erabiltzen dituen materialen ezaugarriak ongi ezagutu behar ditu. Material horien artean azpimarragarrienak ditugu urrea, platinoa eta zilarra; dena dela, azken hori ia bakarrik lehenengo bi materialekin aleazioak egiteko erabiltzen da. Brillanteak eta harribitxiak, aurretik aipatu dugun bezalaxe, erabat landuta erosten ditu, eta lanerako erabiltzen dituen lehengaien zerrenda osatzen dute.

Urrea metal horia da, bigun eta astun samarra, eta bere motako metalen artean xaflakor eta harikorrena. Metal hau hotzean lan daiteke 800ºC-tan suberatu ondoren, eta 1.063ºC-tan urtzen da. Urre garbia bigunegia da bitxigintzan erabiltzeko edo txanponak egiteko, eta horregatik, horrelako erabilera emateko kobrea edo zilarrarekin aleatzen da. Urrearen purutasuna edo “legea” “kilatetan” adierazten da; urre purua 24 kilatekoa da, eta bitxigintzan erabiltzen dena 10etik 22 kilate arteko aleazioan lortua. Bitxiak egiteko erabiltzen den “urre zuria” urre eta zilarraren arteko aleazioa da, %50eko proportzioan egina.

Zilarra metal biguna da, distiratsua, harikor eta xaflakorra, eta garbian erabiltzeko bigunegia denez, beste metal batzuekin aleatua erabiltzen da. Bitxigileen zilarra aleazio bat da, %80 zilarra eta %20 kobrea. Zilar garbia 945º C-tan urtzen da.

Platinoa ere zuria da, xaflakor eta harikorra hotzean nahiz beroan, eta egoera horretan lan daiteke 400º C eta 1000º C bitarte. Urtu, berriz, 1.769º C-tan egiten da. Bitxigintzan XVIII. mendearen bukaera aldera arte ez zen erabili.

Metal horiek erabilita, artisauak bitxiak osatzeko beharrezko dituen elementuak lantzen ditu; horien artean, aipatzekoak dira eraztun landugabeak eta urrean urtutako piezak, platinoa eta horren aleazioak, urre haria, urre xaflak eta forma eta sekzio desberdineko tirak.

Lehendabizikoak lortzeko profesionalak hainbat teknika darabil, hala nola materiala urtzea argizari galduzko teknikaz edo maskor edo txibiak erabilita. Beste osagai batzuk lantzeko eta osatzeko, bitxigileak metal preziatua ingudearen gainean jarri eta kolpetxoak ematen dizkio eskuko mailu txikiaz, hotzean nahiz beroan.

Hariak eta xaflak lortzeko lehendabizi metala urtu, eta jarraian xaflatu egiten da. Ondoren, piezei forma ematen zaie bitxigilearen guraizeak edo berdintzeko zerra erabilita, eta jarraian kurbatu egiten dira lanbide honetan erabiltzen den mailu bereziaz. Horretarako, materiala ingudearen edo ingude txikiaren gainean jarrita kolpe txikiak ematen zaizkio. Artisaua hariak eta xaflak luzatzen joaten da tresna horien bidez ematen dizkien kolpeekin, eta enbutitzeko ingude txikiaren gainean jarrita itxura konkabo edo konbexua ematen die enbutitzaileaz.

Jarraian, pieza horiek muntatu egiten ditu eta lotzeko garaian hainbat teknika erabiltzen ditu, esaterako soldadura eta errematxatzea, edo berak egiten dituen torlojo txikien bidez itsasten ditu.

Azkenik, harribitxiak bitxiaren zati metalikoan ezartzen dira. Lan hori, oro har, espezialista batek burutzen du, ezartzailea, bitxigileak berari bidaltzen baitizkio materialak lotu ditzan. Harribitxiak ezartzeko lana hanka edo gakoen bitartez ere egin daiteke.

 

Betiko bitxigilearen erremintak

Julen Zabaletaren argazkiak.

Betiko bitxigilearen erremintak

1. Esku daratulua edo “biolina”.

2. Enbutitzailea edo enbutitzeko ingude txikia.

3. Hainbat profil lortzeko ingude txikia.

4. Kolpeak emateko oinarria.

5. Borax edo soldatzeko pastaren ontzia.

6. Bitxigilearen mailua.

7. Bitxigilearen ingudea.

8. Kolpeak emateko hainbat oinarri.

Betiko bitxigilearen erremintak

9.Hilezko eskuzerra edo segeta.

10. Mordaza edo esku torlojua.

Betiko bitxigilearen erremintak

11. Hiru buril mota.

12. Martillo de soldar estaño.

13. Bitxigilearen guraizeak.

14. Urrezko haria mehetzeko hari-tokia.

15. Hariak lotzeko terraila.

16. Boj egurrez egindako enbutitzaile sorta.

17. Eskumuturrekoei forma emateko mandrila.

18. Lodierak neurtzeko kalibrea.

Betiko bitxigilearen erremintak

19. Eraztunak kalibratzeko egurrezko mailua.

20. Eraztunei forma eta neurria emateko mandrilak.

21. Eraztunentzako kalibrea.

22. Zeramikazko arragoak irtenduna, urre aurtzek eta nahi den aleazioa prestatzeko erabilia.

23. Errailak egitekoa edo metalezko moldea.