Protagonistak

Lehen informatzailea

Gure lehen informatzaileak adierazten digunez, lehenbiziko eginkizuna mareei buruzko iragarpena ezagutzea da –olatu egokiena 0,50-1 m ingurukoa da-, eta lanpernatara joango den leku zehatza aztertzea; Ulia inguruko zona bat izaten da, Donostiako Sagues auzotik Pasai San Pedrora bitarteko bat. Mendiaren goiko partetik lanpernak biltzeko lekura iristeko 40 bat minutu behar dira, eta 60 bat itzultzeko, normalean hartutako lanpernen kargaz gainera. Komeni izaten da itsasbehera hasi baino ordubete lehenago hastea lanpernak biltzen marearteko zonan, eta gehienez itsasgora hasten denetik ordu laurden batez segitzea.

Lagun batekin aritzen da sarritan, baina askotan bakarrik aritu behar izaten du, lagunak ez du eta beti joaterik izaten. Lagunaren oinarrizko eginkizuna ezohiko den ororen berri ematea da, eta zehazki olatu indartsuago edo ustekabekoez ohartzea. Gauza jakina da, itsasgora hasi eta 30- 40 minutu ingurura indar bereziko hiru olaturen atzetik beste txikiago batzuk etortzen dira.

Neoprenozko jantzia izaten du soinean, baina honek sei bat hilabete besterik ez dio irauten, harrien kontra urratu egiten da eta. Jantziaren gerrikoari sokazko beste bat gehitzen dio, etete arriskuagatik, eta honi eransten dio biltzen dituen lanpernak sartzeko sare-zorroa. Era berean, biltzaileak eskuzko arraspa bat eramaten du, punta zorrotzeko bat, krustazeoak harritik askatzeko, esaterako harrien arrailduren barnean eskuz askatzerik ez dagoenean. Kirten luzeko kazo bat ere eramaten du lanperna bereiziak jasotzeko, bestela haitz artean galduko lirateke eta. Eta betaurrekoak ere behar dira, haitzetako hutsuneetan kolonia berriak bilatu behar direnean uretan ibiltzearren.

Biltzaile honek hainbat lanperna mota bereizten ditu. Hauetako bat uretakoa da, hau da, harriko pitzadura edo zulo batean dagoela-eta eguzkiak sekulan ukitzen ez duena, marroi argia eta burua, espezieko guztien kasuan bezala, gorria duena. Aitzitik, eguzki-argiak ukitzen duena beltza izaten da; eta azken mota ur geza, euri-ura alegia, olatuen ur gazia eta, batzuetan, eguzkiaren eragina jasotzen duena. Lanpernatan ari denean, biltzaileak ez ditu 1,5 cm-koak hartzen, zeren eta hiruzpalau hilabete igarota 3 cm-raino iritsiko baitira; une horretan itzul daiteke biltzailea zona honetara. Egun ona ateraz gero, ordu eta laurden edo ordu eta erdi batean krustazeo gozo eta estimatu honen 5 eta 7 kg artean bil daitezke.

Informatzaileak partikularrei bakarrik saltzen die, eta, dioskunez, gure inguruko lanperna heldua 4 cm ingurukoa izaten da, nahiz 1 cm gutxiagoko eta lodiagoei estimu handiagoa egiten dieten jatetxeetan; horien salmenta 40/50 €/kg inguruko prezioan egiten da, baina Gabonetan prezio horiek gogotik egiten dute gora, 90/100 €-tik hurbil jartzen baitira. Lanperna behar bezala bereizten bada itsatsita dagoen haitzetik, hiru-lau bat egun egin ditzake bizirik. Lanperna-biltzaile gehienek, jarduera honetan aritzeko lege-betekizunak betetzen badituzte ere, bere jarduera profesionaleko sarreren osagarri erabiltzen dituzte eskuratutako diru-sarrerak; lanpernak urte osoan har daitezke, maiatz-abuztu bitartean izan ezik. Sarritan olagarroak ere harrapatzen dituzte, hurbildu egiten zaizkie eta oinetakoen zola zuriek erakarrita.

Gure informatzailearen iritziz, lanperna-bilketa ondo atera dadin ezinbestekoa da hiru baldintza gertatzea: alde batetik lanbidea gustukoa izatea, bestetik egoera fisiko onean egotea eta, azkenik, lan arriskutsu honetan aritu behar dugun lekua oso ondo ezagutzea.

Aparejos

 

Bigarren informatzailea

Gure bigarren informatzaileak Jaizkibel eta Pasaia arteko kostaldean hartzen ditu lanpernak. Menditik lanpernak hartzeko tokiraino iristeko 40 bat minutu behar dira, eta 60 inguru itzultzeko. Normalean bi pertsona joaten dira biltzera; lekura iristen direnean, ordea, bakoitzak bere aldetik egiten du lan, baina beti elkarri babesa emanez. Neoprenozko jantzia erabiltzen du, eta honen iraupena materialaren lodieraren araberakoa izaten da; ez da, baina, inoiz urtebetetik gora egitera iristen. Ukiera egokia ahalbidetzen dioten gomazko eskularruak ere erabiltzen ditu, eta harriari ondo heltzen dioten plastikozko zapatilak. Oinetako egokiak ere behar izaten dira, menditik haitzetara jaitsi eta, gero, atzera igotzeko. Betaurreko argidunak ere badaramatza, eta beharrezko pila noski, haitzetako pitzadura eta zirrikitu barneak ongi ikusteko.

Biltzailearen lanabesen artean arraspa kurbo samar bat dago; honek zulo bat du kirtenean, eta honetatik soka bat pasatuz eskumuturrean lotzen da, hain zuzen lanabesa ez galtzearren. Sare-zorro bat ere eramaten du, zulo txiki samarrak dituen bat, lepotik zintzilik; bertan sartuko ditu hartzen dituen krustazeoak. Normalena haitzetatik arraspaz askatutako lanpernak eskuz jasotzea izaten da, baina beti ez denez posible izaten, kirten luzeko kazo bat ere eramaten du, lanpernak galdu baino lehen inguratzeko.

Batzuetan arraun-ontzi edo ontzi motordun batez iristen dira bilketalekura, txanel batez betiere kostara hurbildu ahal izateko; azken hau harri baten gainean uzten dute, lanpernatan ari diren bitartean.

Azpimarratu behar da, garrantzitsua da, itsasoari errespetua inoiz ez galtzea eta, beraz, mareei buruzko iragarpenak eta olatuen koefiziente eta altuera kontuan hartzea. Ilgora eta ilbetea omen dira, Aste Santu inguruan, lanperna onenak hartzeko egokienak, apiril/maiatzean hazten eta gizentzen baitira, hain zuzen abuztuan gertatzen denaz bestela. Gure informatzailearen ustez, itsasbehera baino ordu eta erdi lehenago has daiteke bilketa, itsasgora hasi eta ordubete inguru arte segituz, betiere itsasoaren egoeraren arabera.

Zortzi eta hamar kilo inguru hartzeari bilketa ona deritzo, baina biltzaileen artean era guztietako iritziak daude.

Prezioak aldatu egiten dira bai lanperna motaren bai urte-sasoiaren arabera, baina 65 €/kg izatera hel daitezke; sarritan ikusten dira, baina, hori baino merkeagoko salerosketak. Gure herrialdean ezinezkoa da bakar-bakarrik lanpernak bilduz eskuratzen diren sarrerekin bizimodu duina izatea.

 

Bibliografia nagusia

  • Merino, José María “La pesca desde la prehistoria hasta nuestros días”. Eusko Jaurlaritza 1986.
  • Lotina Benguria, Roberto “Mariscos y especies afines” , Bizkaiko Foru Aldundia 1992.
  • Desport, Gilbert “Lóperne/El percebe”, Federación de Cofradías Gastronómics (Fecoga) 1995.