Linea-jartzaileak

XX. mendearen erdialdera arte, taldeak ohiz bost lagun ingurukoak izaten ziren, baina batzuetan, lanak hala eskatzen zuenean, hogei lagunekoak ere izaten ziren. Langileak elektrizitate enpresetako aldi bateko langileak izan ohi ziren, kapataza eta bere laguntzailea izan ezik; horiek finkoak izaten ziren, eta ohiz bertokoak; nafarrak izaten ziren gehienak.

Linea bat instalatzea bukatu ondoren, sarri langile gaituenei mugarik gabeko kontratua egiten zieten eta linea zaintzeko eta ikuskatzeko eginkizunetara destinatzen zituzten. Horiek aldizka-aldizka ikuskatu behar izaten zuten beren ardurapean utzitako linea; gaur egun ere halaxe egiten dute. Txabola batzuk izaten zituzten erremintak eta materiala gordetzeko, eta batzuetan etxebizitza ere izaten zuten.

Linea-jartzaileakIragan mendeko laurogeita hamarreko hamarkadako lehen urteak. Bere-berezkoa ziren linea elektrikoak muntatu eta konpontzeko lanen ezaugarriak. (Javier Carballoren argazkiak, 1992).

Gerora, lineak jartzeko lana enpresa espezialistekin kontratatzen zuten. Horiek bere gurdi, idi eta mandoak jartzen zituzten, baita horiek gidatzeko mandazainak ere. Ohiz mandazain batek gidatzen zuen lau zaldiko taldea, garraioa egin behar zutenean. Horietako asko, besteak beste, Zamora eta Burgoskoak izaten ziren.

Linea-jartzaileak

Linea-jartzaileak, lan egiten zuten lekutik gertu zegoen herriko ostaturen batean bizitzen ziren, linea jartzeko lanak irauten zuen arte. Kamioietan eramaten zituzten laneko lekuraino, kamioiaren atzeko aldean jartzen ziren egurrezko aulkietan eta toldo batez estalita. Lanaldia bukatzean ere (batzuetan eguerdian ere bai) kamioian itzultzen ziren ostatura.

Neguan, egunero 8 ordukoa izaten zen lanaldia, eguzkiaren argiak mugatzen zuen, eta eguraldi txarra egiten zuenean ere lan egin behar izaten zuten; ekaitzak gogor jotzen zuenean baino ez zuten uzten lana, eta ez bakarrik sortzen zen basatzagatik, baita tximisten arriskuagatik ere, jartzen ari ziren kablean tximistaren bat erortzen bazen, beraiengana iristeko arriskua baitzegoen. Beraz, ekaitzak mendian harrapatzen zituenean inguruko baserriren batera jotzen zuten babes bila, atertzen zuenean berriro lanera itzultzeko. Elektrizitate enpresek euritako jantziak ematen zizkieten langile finkoei eguraldi txarra egiten zuenerako; gainontzeko langileei dagokienez, nork bere jantzia erosi behar izaten zuen.

Langileak lanbide kategorietan sailkatzen zituzten eta sailkapen horren araberako soldata ematen zieten. Horrez gain bazuten beste sari bat “meritu”aren araberakoa. Meritua langileburuak erabakitzen zuen eta 1etik 4 arteko mailak izaten zituen; horri esker langile batzuk gehigarri garrantzitsuak jasotzen zituzten. 1953an, egunero 35 pezetako dieta jasotzen zuten, ohiz egunean 20 pezeta inguru kostatzen zitzaizkien ostatua eta otorduak ordaintzeko. Enpresa kontratatuetako langileen lan baldintzak askoz ere okerragoak ziren, eta batzuetan jartzen ari ziren lineatik gertu jasotako txaboletan lo egin behar izaten zuten, baita oihalezko etxoletan ere; janaria ere beraiek egin behar zutenez, horietako bat arduratu behar izaten zen sukaldeaz.

Linea-jartzailearen eginkizunaren ezaugarri nagusiek gaur egun oraindik bere hartan jarraitzen badute ere, lana askoz ere errazagoa egiten da, lineak jartzeko ez delako ibilbide zuzena egiten; gaur egun lurraren orografia aprobetxatzen da ingurumeneko eragina (ikuskizuna) ahal denik eta txikiena izateko. Askoz ere errazagoak dira, halaber, linea jarri behar den lekurainoko bideak eta posteak mantentzea, eta abar. Hau da, iraganean baloratzen ez ziren bestelako gauzak izaten dira kontuan.

Baina linea-jartzailearen ezaugarriek, eskarmentu eta baliabide handiko gizona izatea edota txakur jeloskor bati zein ganadu basatiari aurre egin behar diona izatea, bizirik diraute.

Elektrizitate istripu batean hildako bost lagunen oroigarriaElektrizitate istripu batean hildako bost lagunen oroigarria. Istripua Zestoan (Gipuzkoa) gertatu zen 1917. urtearen hondarretan, Santa Engraziko Santutxutik Ezenarro baserrirako bidean. (C.U. 02/2000).