Lisatzaileak

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, ohikoa zen hotelek eta uda pasatzen ari ziren familiek arropa lisatzea jarduera horretan espezializatutako hirugarren pertsonei enkargatzea. Arestian aipatu dugun bezalaxe, zenbaitetan garbitzearekin batera burutzen zuten lan hori. Donostiako 1871. urteko erroldan guztira 17 lisatzaile zeuden izena emanda, eta 1912an, berriz, berrogeita bat urte igarota, 29. Zerbitzu horien eskaera handiari erantzuteko asmoz, lisatzeko tailerrak sortu ziren, eta horietako bakoitzean hainbat emakume aritzen ziren lanean.

Lisatzaileek ama edo senitartekoren batengandik ikasten zuten ogibidea, horiek lana nola egiten zuten begiratu eta beharrezko praktika hartuta. Azkenean bakoitzak bere bezeroak izaten zituen (hotelak, ostatuak eta udaldia pasatzen ari ziren familiak).

Hotelen kasuan, lisatu beharreko arropa hotelean lanean ari zirenek eramaten zuten lisatzaileen etxera. Jantzi bakoitzari izena edo marka jartzen zitzaion jabea, hoteleko bezeroa, nor zen jakin ahal izateko. Udaldia etxeetan pasatzen ari ziren familien kasuan, ordea, lisatzaileak maiz bezeroaren etxera joaten ziren arropa jaso eta markatzera.

Lisatzaile talde batLisatzaile talde bat 1920. urtearen inguruan (Kutxako fototeka).

Lisatzaileek lanerako erabiltzen zuten oinarrizko tresna lisaburdina zen. XX. mendearen erdialdera arte lisaburdinak burdinurtuzkoak ziren eta hasieran egurrarekin eta geroago ikatzarekin funtzionatzen zuten sukaldeetako goialdeko txapan berotzen ziren. Aipatu data horretatik aurrera lisaburdina elektrikoek burdinurtuzkoak ordezkatu zituzten. Lisaburdinaz gain beste tresna garrantzitsu batzuk ohol bikoitza, alkandoretako mahukak, galtzak eta abar lisatzeko sarrerak zituena, eta mahaia eta kurrikak ziren.

Lisatzaileen lanak nolabaiteko trebetasuna eskatzen zuen, batez ere almidoiztatzeko eta izurdurak egiteko. Almidoiztatzeko garaian arropa zuria uretan desegindako almidoiaz bustitzen zen halako zurruntasuna har zezan, baina kontuz egin beharreko lana zen; izan ere “puntua hartu behar zitzaion” “arropak ohol baten itxura har zezan” ekiditeko. Almidoia, besteak beste, alkandoretako lepoei, “horiek ez baitzuten artehunik” eta eskumuturrei ematen zitzaien, baina ez beti. Izurtzea lisatu ondoren egiten zen, mahaiaren bazter batean, eta izurdurak (farfailak kiribiltzea) kurrika (ertz zapalak zituzten guraize moduko batzuk) bero berezi batzuk erabilita moldatzen ziren. Zeregin honetan arropa erretzeko arrisku handia zegoen. Behin arropa lisatuta, zumezko otarre arin batzuetan, gutxi gorabehera 1,3 x 0,75 m-koak, itzultzen zitzaion jabeari, maindire batez babestuta, hoteletan hurrengo egunean eta udatiarren etxeetan “ahalik eta lasterren”.

Lan honetan aritzen zirenek neke handiak pasatzen zituzten, asko baitziren zutik pasa beharreko orduak, ordutegi luzeak eta atsedenik gabeko egunak, lisaburdinak ematen zuen beroa jasanez.

LisatzaileakLisatzaileak 1960. urtearen inguruan (Kutxako fototeka).