Etorkizuna

Lumar enpresako arduradunek enkarguz lan egiten dute, baina Errenteriako Artisautza Azokan ere egoten dira, iraganean holako feria askotara joaten baziren ere. Eskaerak beren balizko bezeroengan duten ospearen ondorioz jasotzen dituzte.

Luis eta Margari artisauek kezkatuta agertzen dira etorkizunari begira, liburuzaleak geroz eta gutxiago direlako eta belaunaldi berriek jarduera hori ez dutelako ezagutzen. Batez ere liburua geroz eta gutxiago ikusten omen da artelan gisa, eta gainera -gehitu dute- Asiatik datozen produktu batzuk sekulako konpetentzia egiten dute.

Horrekin bat koadernaketa artistiko eta bibliofilorako Euskal Herrian dagoen zaletasun eskasa gehitu behar zaizkio. Ez dago Frantzian gertatzen denarekin alderatzea baino gure egoeraren hondamendiaz ohartzeko.

Nabarmena da, halaber, erakunde publikoek era honetako koader-naketari erakusten dioten estimurik eza. Adibide gisa, adierazi behar dugu Xenpelarren ekimenez eta Errenteriako Udalaren laguntzaz 2003. urtean Koadernaketa Artearen Nazioarteko Lehiaketa antolatu zela, jarduera honetan ari ziren eskola espezializatuei begira eta jendearentzat irekita; ekitaldi horretara bost herrialdetatik etorri ziren. Orain diru laguntzarik ez dugula eta, ezin izan dugu berriro antolatu.

Liburuak