Historia pixka bat

Espainian burdinurtua galdatzeko lehen instalazioak Lierganes eta La Cavadako Errege Lantegiak izan ziren (Kantabria)1. Bertan, 1622tik aurrera balak kanoiak eta artilleria piezak galdatu ziren. Pieza horiek egiteko, labe garaietan eskuratutako burdinurtua erabiltzen zen. Burdinurtu hark karbono kantitate handia zuenez, garai hartan hura lantzeko beste metodorik erabili ezin zenez, moldeko piezak egiteko bakarrik erabiltzen zen.

XVII. mende bukaeran, Nafarroako Eugi herrian beste Errege Lantegi bat ireki zen. Bertan, 1720an bi labe garai eta Liejatik etorritako bi galdatzaile ofizial zeuden. 1766an, Koroak lantegia berritu zuen, bertan bonbak eta granadak egin ahal izateko. Horrez gain, jasota geratu da, handik aurrera, galdategian jardunean aritzen ziren frantses ofizialek egurrezko kaxak erabiltzen zituztela moldeak egiteko, eta haien barnean “hondar nahasketa egoki bat, ordura arte erabiltzen ez zen materiala” erabili zutela. Hondar-nahasketa hori aroztegietan eta molde-lantegietan egiten zen (bertan ereduak eta moldeak egiten zituzten).

Horrez gain, zalditegi bat ere bazuten lantegia simaurrez hornitzeko. Izan ere, aglomeratzaile gisa erabiltzen zen, hondar-nahasketari trinkotasuna eman eta irazkortasuna hobetzeko (1).

Hondar hezean moldekatzenHondar hezean moldekatzen.

Garaiko grabatu baten araberaGaldategia XVIII. mendean, garaiko grabatu baten arabera.

XVIII. mende erdialdera, oso zaila omen zen langile espezializatuak lortzea. Izan ere, "bereziki moldegileek, lanbidea ikasi ondoren, soldata-igoera eskatzen zuten, eta ez bazitzaien onartzen, lan-epea amaitu orduko etxera joaten ziren”. Hori ekiditeko, gutxienez lau urteko kontratuak egiten hasi ziren “lehen bi urteak lanbidean oinarrizko trebakuntza hartzeko beharrezkoak direnez, langileak lantegirako onuragarri izaten hasten direnean alde egiten baitute".

Garai hartan, “lau lurreko galda-moldekatzaile ezberdin zeuden, eta denek soldata ezberdina irabazten zuten: lehen biek hileko hamar peso irabazten zituzten, hurrengo biek hileko bederatzi peso, hurrengo biek hileko zortzi peso eta erdi, eta beste guztiek hileko zortzi peso. Trebetasun eta ahalegin gehien egiten zutenei ematen zieten postu hobeak hartzeko aukera". Horiek koadrila buru gisa egin behar zuten lan, gainontzekoei lanbidea irakatsiz.

Horrez gain, aipatzen da komenigarria zela “lantegia lau edo sei ikastun inguru edukitzea, hamaika eta hamabi urte bitartekoak, eskarmentuaren bidez ikusi baita horiek direla baliagarrienak" (2). Nahiago izaten zituzten langileen semeak.

Helburu zibiletarako galdaketa ez zen 1826 arte ustiatzen hasi. Urte hartan, Malagan La Concepción eta La Constancia lantegiak ireki ziren. Elorza artilleria jeneral eta metalurgialariak diseinatu zituen lantegi haiek, eta bertan, ingeles teknologia erabiliz burdina gozoa eta altzairua lortzeaz gain (labe garaietan burdinurtu edo arrabioa eskuratu ondoren, pudelatzeko labeetan soberako karbonoa kenduz), moldeetan hainbat pieza galdatu isurtzen ziren.

Euskal Herrian, galdategi zibilen lehen aurrekariak 1849an ireki zen Boluetako Santa Ana (Bizkaia) eta Gipuzkoan, 1850 aldera Lasarten ireki zen “Fossey y Cía lantegiko galdategia eta makineria-lantegiak” izan ziren. Azken hau, aurrerago Pasaiara aldatu zuten, eta Fundiciones Molinao jarri zioten izena (3).

Horien ondoren Beasaingo Fábrica de Hierro San Martín eta Arrasateko Resusta y Vergarajauregui lantegiak ireki ziren (1869), baita Elgoibarko San Pedro eta Eibarko Aurrera lantegiak (1877) ere. Horrez gain, Tolosa eta Hernanin ere hainbat galdategi ireki ziren.

1950 aldera, pieza txikiak eta ertainak banaka edo serie txikitan egitea nahiko lan artisaua zen, eta lanbidean eskarmentu handia eduki behar zen ondo egiteko.

 

(1) El fracaso de la Revolución Industrial en España.Jordi Nadal. Ariel.
(2) Las Reales Fábricas de Eugui y Orbaiceta. Aurora Rabanal Yus. Institución Príncipe de Viana 1987.
(3) El proceso de desarrollo económico en Guipúzcoa. Mª Monserrat Garate Ojanguren. Cámara de Comercio, Industria y Navegación de Guipuzcoa. San Sebastián 1.976.