Mahaiko berunlariak

Berunlariek, latorria lehengai gisa eta lanbidean berariazkoak ziren tresna nahiz erremintak erabilita, usadioz era eta erabilera askotako tresna nahiz objektuak egin izan dituzte. Lanbidean, etxeko lanetarako erabiltzen ziren tresnak egiten zituzten berunlariei (burruntzaliak, inbutuak, oliontziak, eltzeak, ontziak eta abar) mahaiko berunlari esaten zitzaien, nahiz eta industriarako tresnak ere egiten zituzten.

XIX. mende bukaera arte, lanbidea artisaua zen erabat, baina handik aurrera, fabrikazio-prozesuetan makinak erabiltzen hasi ziren heinean, lanbideak eskuzkoa izateari utzi zion. Hala ere, oraindik badaude betiko tresnak usadiozko eran egiten dituzten artisau batzuk. Hala ere, profesional horiek egiten dituzten tresnak ez dira etxeko lanak egiteko erabiltzen, askotan apaingarri gisa baizik.

Horien artean, adibide garrantzitsuenetako bat Gregorio Perez Carazo (Zornotzako Industrias MAPER) da. 1936an jaio zen, eta 15 urterekin (1951an) hasi zen lanbidea ikasten bere aitaren lantegian. Izan ere, bere aita mahaiko berunlari ospetsu bat zen, ontzigintzarako tresnak eta trenbideetarako argiontziak ere egiten zituena. 1980ko hamarkada erdialdera, sektoreak jasan zuen krisiaren ondorioz, Gregoriok bere lana beste alde batera orientatu behar izan zuen eta apaingarri gisa erabiltzeko tresnak egiten hasi zen: besteak beste eltzeak, argiontziak, oliontziak eta pertzak, baita gaztainak edo piperrak erretzeko danbolinak ere.

Esan genezake Gregorio produktu horien fabrikazioan espezializatua dagoen azken artisaua dela, eta gainera, badirudi inork ez duela bere lanbidearekin jarraituko.

Gregorio PerezGregorio Perez, tornuan, oliontzi bati forma sabeldua ematen eta honi erlaitza hozkatzaile batekin ateratzen. Langilea gerriko batekin dago makinara lotuta. Horri esker, ahalegin gutxiago eginez, presio handiagoa egin dezake. Argazkia Amaia Ros 97/07.