Maisu arotz-istinkariak

Arrantzarako eta itsas garraiorako zurezko ontziak ekidatzea oso jarduera garrantzitsua izan zen joandako garaietan gure lurraldeko kostaldean.

Eginkizun honek eskatzen zituen lanbideetan, trebatutako eskulangile kopuru handia behar izaten zen.

Eskulangile horien artean zurgin edo arotzak eta istinkari edo miztilutzaileak nabarmentzen ziren; izan ere, Ana Maria Rivera Medinak dioen moduan, oinarrizko bi lanbide ziren ontzigintzan, zeren eta horien lanaren egokitasunaren mendean baitzegoen ontziaren egonkortasuna eta iraupena.

Maisu

Horrelaxe ikusi zuten, halaber, Bilboko Unibertsitate eta Kontratazio Etxeko Ordenantzak (1737) eta Donostiakoak (1766) idatzi zituztenek, adierazi zutelarik horien trebetasunaren mendean jartzen direla bertan (itsasontzietan eta ontzi txikiagoetan) doazen pertsonen bizitza eta ondasunak, eta ezjakintasunez edo utzikeriaz jardutea ezin okerragoa gerta daiteke.

Hori dela eta Bilboko Kontsulatuak, XVIII. mendearen erdialdean, ezarri zuen istinkari edo miztilutzaileek, horrelakotzat hartuak izateko, gaitasun azterketa bat igaro beharko zutela. Eta esan beharrekoa da neurri honek izugarrizko berrikuntza ekarri zuela, garai hartan bakar-bakarrik Errege Ontziteriako arotzei eskatzen zieten-eta horrelakorik.

Lehenagoko lan batean arotz ontzigileen lanak aztertu genituen, eta lan berriago batean, berriz, istinkarienak. Kasu biotan, lanen ezaugarri orokorrak, lan prozesuak, eta azken hamarkadotan zehar erabilitako lanabes eta materialak aztertu genituen.

Oraingoan, berriz, maisu zurgin-istinkariez arituko gara, oso eginkizun garrantzitsua zuten eta iraganeko ontzigintzan, are gehiago, oso erantzukizun handiak zituzten bere gain.

Lanbide honetan maisu maila lortzeko, gremioetako ohiturei jarraitzen zieten; batez ere ikaskuntza-prozesua egina izana eta eskarmentu handia erakutsi beharra ziren baldintzak.