Maisu erlojugileak

Historian zehar, eta garai bakoitzean, denbora oso era ezberdinetan ulertu izan da. Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak honela definitzen du: "Gauzak gestatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea”. Denbora neurtzeko, lurrak espazioan duen mugimendua erabili izan du gizakiak erreferentzia gisa (eguna ardatzari ematen dion bira da, eta urtea, berriz, eguzkiaren orbitaren inguruan ematen duen itzulia da). Historian zehar, denbora ondo zehazteko, hainbat mekanismo asmatu zituen gizakiak, horiek etengabe garatzen joan dira, eta ondorioz, gaur egun ezagutzen ditugun erlojuak izatera iritsi dira.

Gauaren eta egunaren arteko diferentziak, ilargialdiak eta urtaroak izango ziren seguru aski gizakiak denbora neurtzeko erabili zituen lehen tresnak. Astronomia behaketei esker, 3500 K.a. aldera, egiptoarrek urtaroen egutegi bat osatu zuten, nekazaritzako lanetan erreferentzia gisa erabiltzen zutena. Egunsentitik iluntzera arte pasatzen zen denbora beti ordu kopuru berdinean banatzen zen. Hori zela eta, urtaroaren arabera, ordu horietako bakoitzaren iraupena ezberdina zen.

erlojuak

Lehenbiziko erlojua itzalekoa izan zen. Hau egiptoarrek asmatu zuten k.a. 1500 aldera, eta ordua metalezko kirten batek egindako itzalak markatzen zuen eskala graduatu baten gainean; eta eskalak urtaroaren arabera aldatzen zituztela esan beharra dago. Garai berean klepsira delakoa edo urezko erlojua ere erabili zen (denbora ontzi bat urez betetzen zen abiaduran neurtzen zen). Horrez gain, hondarrezko eta eguzki erlojuak ere erabiltzen ziren, koadrante edo ordu-harriak zeritzanak.

Erloju mekanikoak askoz ere geroagokoak dira, lehenak XIII. mendean asmatu ziren. Denbora era orientagarrian neurtzen zuten, kanpaiak jotzen zituzten, baina ez zeukaten esfera edo orratzik. Autore batzuen arabera, berrikuntza hori XVI. mendekoa omen da.

Erloju mota askoren artean, gure inguruko maisu erlojugileak honako erlojugintza motetan nabarmendu dira: eguzki-erlojugintzan eta erlojugintza mekaniko edo gurpildunean.

Usadioz, erlojuak garrantzi handia izan du jarduera asko eta askotan. 1553ko Gipuzkoako Batzar Nagusiak Errenterian bildu ziren apirilaren 15etik 25era. Bertan, prokuradoreak azaldu beharrezko orduan (goizeko zortziak) azaltzen ez zirela edo berandu iristen zirela aipatu zen, eta horrek arazoak sortzen zituela. Izan ere, “batzuetan, erlojua ez omen dabil ondo".