Kontratuak

Askotan, dorreko erloju bat egin eta jartzeko lana kontratu bidez arautzen zen. Kontratu hori eskribauaren aurrean sinatzen zen: alde batetik, udalak edo parrokiako kabildoak, bezero gisa; eta bestetik, maisu-erlojugileak. Kontratu horiei esker, gaur egun badakigu garai hartarako, oso inbertsio handiak egiten zirela erlojuak enkargatzerakoan, eta erlojugileen lan-baldintzak ere ezagutzen ditugu.

Kontratuan, egin beharreko erlojuaren ezaugarri nagusiak zehazten ziren. Askotan, mekanismoaren pieza garrantzitsuen kopuru, material eta tamaina zehazten ziren. Horrez gain, hortzak ondo karrakatuta, ondo estututa eta ondo tenplatuta egon behar zirela ere zehazten zen, piezen higadura gutxitu eta mekanismoaren erregulartasuna bermatzeko. Beste kontratu batzuetan, aldez aurretik egindako beste erloju bat bezalakoa izan behar zela bakarrik zehazten zen. Erloju hori eredu gisa hartzen zen, “tamaina berekoa eta parekoa egiteko”. Gehienetan,  materiala, garraioa eta muntaia artisauaren kontura izaten ziren, baina ostatua, berriz, ordaindu egiten zitzaien, soldata gehigarri batekin.

Halaber, berme-epea ere ezartzen zen, gehienetan urtebetekoa izaten zena. Epe horretan zehar, erlojugilea erlojuari beharrezko mantenu lanak eta konponketak egitera behartuta zegoen.

Gehienetan ordainketa hiru zati berdinetan egitea zehazten zen. Lehen ordainketa erlojua egiten hasterakoan egiten zen; bigarrena, erlojua instalatzean; eta hirugarrena, berriz, berme-epea amaitzean. Hirugarren ordainketa egiteko, beste maisu erlojugile batek aztertu behar zuen erlojua, ondo eginda eta ondo zebilela zehaztu eta hala bazen, ordainketa egiten zen.

Ez zen harritzekoa, erloju zahar bat ordezteko beste berri bat egitean, erlojugileari erloju zaharra ordain gisa ematea.