Maisu organogileak

Antzina-antzinatik, gizarte guztietan musika sortu izan da era guztietako baliabideak erabiliz. Denbora aurrera joan hala, baliabide horiek perfekzionatzen joan dira, gaur egungo musika instrumentu konplexuetara iritsi arte. Horietako bat organoa da, eta instrumentu horiek egin eta konpontzen dituzten artisau espezializatuei maisu organogile esaten zaie.

Usadioz, organoa oso zabalduta egon zen Euskal Herrian. Horren testigantza ematen dute katedral batzuetako ikonografiak, eta XVI. mendetik aurrera, elizagintzari buruzko liburuek, baita organogile-maisuei eta organo-joleei buruzko ondorengo dokumentazio ugariak ere.

1880an eskuratutako informazioaren arabera, Gasteizko elizabarrutian, Arabako probintziak hartzen zituen eliza eta santutegietan 150 organo baino gehiago zeuden (horietatik gutxi batzuk bakarrik ziren harmonioak). Elizabarruti berean, Gipuzkoako probintziak hartzen zituen elizetan 69 organo zeuden, eta Bizkaian, berriz, 49. Organo haiek maisu askok egindakoak ziren, eta askotan oso egoera kaskarrean zeuden. Hamarrenak kendu eta desamortizazio legeak aplikatzen hasi zirenean, Elizak egoera berrira egokitu behar izan zuen, eta beste neurri askoren artean, guztira zenbat organo-jole zeuden eta bakoitzak zenbat irabazten zuen zenbatu zen. Izan ere, kargu horietako asko eta organo-jole askoren soldatak eliza-hierarkiatik kanpo zehaztu ziren. (1)

Nafarroako organo-inbentarioaren arabera, 1960ko hamarkadan (2) 113 organo zeuden, eta Bizkaikoaren arabera (berriagoa), probintzia horretan ehun organo baino gehiago de (3).

Euskadiko eta Nafarroako artisau askok menderatu dituzte organoak egin eta konpontzeko teknologiak. Azpeitia izan zen organogintzan herri aipagarrienetako bat, eta Akilino Amezua, herri berean jaiotakoa, XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako organogile onena izan zen.

 

(1) Los órganos de las iglesias del País Vasco en 1880. Jose Iturrate. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. XLI. aldizkaria. 1-2 koadernoak.
(2) Organos, organeros y organistas. Joaquin Goia Iraola. Diputación Foral de Navarra. Dirección de Turismo, Bibliotecas y Cultura Popular. Pamplona.
(3) Organos de Bizkaia. Migel Salaberria. Bizkaiako Foru Aldundia.