Maisua

Jesus Berezibar Espilla (Eibar, 1909ko urtarrilak 13 – Isla Margarita, Venezuela, 1980ko abuztuak 16), “Txopa” ezizenekoa, Manuel armagilearen eta Manuelaren semea. Gaztetatik dohain bereziak erakutsi zituen apaintzeko edo artistiko deitu marrazkirako. Haren txikitako jardueratik geratu diren oroitzapenetako bat bere jaioterriko kaleetan klerak erabiliz marrazkiak egiteko zuen zaletasuna da.

Pedro Zelaiak dioenez, oso gazterik, 1914 inguruan, Gernikara joan zen bere familiarekin, eta hango orduko Escuela de Artes y Oficios-en “hasi zen ikasketa artistikoan, diziplina guztietan ohorezko diplomak lortuz” gainera.

Gernikan egin zuen denboran zehar, Jesus Berezibarrek tailagile lana egin zuen Benito Furundarenaren lantegian, eta Eibarra itzulirik Orbea enpresa ezagunean aritu zen, ebanista gisa seguruenik.

Soldadutza egiteko Madrila joan zen, eta Capuz Akademian eta Arte Ederren Zirkuluan marrazki-eskolak hartu zituen. Handik itzulita, zurezko tailagintza ikasten hasi zen, eta horrexetan espezializatuko zen. Gero, bere lan-bizitza osoa horretan eman zuen.

Itxura guztien arabera, Jesus Berezibarrek beti-beti maisu zaletasun argia izan zuen, ezen XX. mendeko hogeita hamarreko erdialdeko urteetan jada marrazki eta taila eskolak eman zituen Eibarko Arrandegi kalean, egungo Julian Etxeberria izenekoan. Bere ikasle aurreratuenetako bat Paulino Larrañaga Longarte (Eibar, 1918) izan zen. Hau, zurez eginiko eskulturan artista handi izateaz gain, buztinaz eta brontzeaz ere bikain moldatzen da, grabatuan eta pinturan bezalaxe. Eibartar honek, oraindik ere, ongi asko menderatzen dituen espezialitateak irakasten jarraitzen du, eta duela hirurogeita hamar urte “Txopak” eman zizkion eta haren izena daramaten lanabes batzuk erabiltzen ditu.

Gerra zibilaren ondorengo urteak gogorrak izan ziren, are gogorragoak galtzaileetakoa genuen “Txoparentzat”. Bere familiarekin Debara jo zuen, eta Ostolaza eraikineko etxabeetan antolatutako marrazki artistikoko gau-eskoletan maisu lanetan hasi zen, Iñaki Leterekin batera, honek marrazki lineala ematen zuen eta.

Aita Velazekin batera berrogeita hamarreko lehen urteetan Venezuelara joan zenean, eskola bat jarri zuten elkarrekin Merida hirian, Debako esperientzian oinarriturik. Eskola berri honetan Jesus Berezibarrek eskolak ematen jarraitu zuen. Zentro honek garapen handia izan zuen, eta azkenean Arte eta Lanbide Eskolatzat hartua izan zen. Zura eta burdina lantzeko eta larruan mailu-lanak egiteko irakaskuntzak eskaintzen dituzte bertan.

Pedro Zelaiak lehen aipatutako artikuluan dioskunez, “Txopari dagokio, halaber, Margaritan Santa Ana del Norteko Eskulangintza Etxearen fundatzaile eta bertako irakasle izanaren ohorea”.

Baina Jesus Berezibar maisuak marrazkiari eta tailagintzari buruz zuen jakinduria sakon eta zabala modurik praktikoenean erakutsi ahal izan zuen tokia, beste batzuekin batera fundatu zuen Pajean enpresa izango zen.

Jesús BerecibarJesús Berecibar “Txopa” los primeros años cincuenta del siglo XX.

Simón BolivarSimon Bolibarren marrazkia, Jesus Berezibar “Txopak” luma-muturrez egina.