Mantenu-lanak

Mantenu-lanak mota askotakoak izaten ziren, besteak beste, kableak koipeztatzea edo lotzea, eta baldeak konpontzea.

Langileentzako lan gogorrenetariko bat kojineteak eta balantzinak koipeztatzea zen, astean behin egin beharreko lana baitzen. Horretarako, astoei lotutako mailak edo zapatak igo eta asto puntan jarri behar ziren, eta han koipe lodiz eta olioz osatutako nahasketa bat aldatu.

Zahartutako kableak lotzeko, horiek lurrean zabaltzen zituzten, eta kableak osatzen zituzten hariak askatzen zituzten 2 metrotan zehar. Gero, hari horiek berriz ere txirikordatzen zituzten. Baldeak, zamatokian jardunean aritzen ziren langileei janaria helarazteko ere erabiltzen zirenak, etengabe konpondu behar izaten ziren. Askotan, haizeteek astoak lurrera botatzen zituzten, eta ondorioz, konpondu eta berriz ere muntatu behar izaten ziren.

Aire-tranbiaAire-tranbia. Ion Bilbaok utzitako argazkia.

Aire-tranbia ondo zebilela bermatzeko, etxola batean zaindari bat izaten zuten, sistema ondo zebilela ziurtatzeko. Arazoren bat izanez gero, zaindariak txirrina bat jotzen zuen, eta lerroko arduradunak tranbia geldiarazten zuen. Horrez gain, elkarren artean komunikatzeko bateriadun telefono bat izaten zuten.

Kable bakarreko lineatan lau eta zortzi langile artean aritzen ziren jardunean, aire-tranbiaren garrantziaren arabera. Jasotzen zuten soldata meategiko gainontzeko langileenen antzekoa izaten zen (1940an, 9,50 pezeta 48 lanorduko aste bakoitzeko).

Aurora eta Buena Estrella meategietako zamatokiaAurora eta Buena Estrella meategietako zamatokia. Atzean Serrantes ikus daiteke. (1883) Ion Bilbaok utzitako argazkia.

Oharra:    Gure eskerrik beroenak Julio Berzosari, lan hau egiteko informazio oso baliagarria eman baitigu.