Artisaua

Gerard Danné (Landau, Alemania, 1955-12-18) hiru urte zituela iritsi zen Frantziara bere gurasoak frantsesak baitziren. Txikitatik erakutsi zuen eskulanetarako zaletasuna. Lehen ikasketak amaitu ondoren zurgintza ikasi zuen eta marketerian espezializatu (hiru urte).

Miarritzen lan egin zuen zaharberritzaile gisa (1975) eta bi urte geroago Donostiara jo zuen. Orain eta 1986. urtetik denda-lantegi bat du Donostiako Gros auzoan, Desván izenekoa. Hor ari da marko egile espezialista gisa, baina marketeria, inkrustazio eta zaharberritze lanak ere egiten ditu.

Bere dendako hormetan zintzilikatuta dauzka grabatuak eta pinturak (olioak, akuarelak eta pastelak), baita paperean, mihisetan eta oholetan egindako lanak ere; guztiak, Gerardek berak jarritako markoetan.

Gerarden lantegiak 30 m2 inguru dauzka. Bere lana batez ere artisau lana denez, baliabide mekaniko gutxi erabilt zen ditu, ia tresna gehienak eskuz erabiltzekoak dira: gillotinak, markoak muntatzeko makinak, passe-partour ebakitzaileak, limatzaileak, grapagailuak eta beira mozteko gailuak.

Gerard Danné

Dauzkan erremintak zurgintzan erabili ohi direnak dira (eskuko zerrak, garlopak, eskuairak, arrabotak, gubiak, trintxak, eta abar). Lanerako behar dituen lehengaietan funtsezkoa da zura, eta hori saltoki espezializatuetan erosten du.

Marko bat egiten hasi aurretik, artisauak adierazi digunez, bere markoaz babestuko den obra ezagutu nahi izaten du, baita horren kokalekua ere. Informazio horrekin guztiarekin marko motarik egokiena erabakiko du, ondoren bezeroari aurrekontua aurkezteko.

Artisau honek marko aukera zabal eta oparoa dauka, eta horietako gehienak pintura, grabatu eta ispiluetan erabiltzen ditu. Familietako argazkien markoak egiten ere espezialista da, edota neurrira egiteko eskatzen dizkioten argazkietarako. Gerardek adierazi digunez, ohiz bezeroek ez dutenean iritzi propiorik berak emandakoa onartzen dute.

Gogorarazi digunez XVII. mendean kobre gainean egindako pintura baten (0,7 x 0,5 m-koa) markoa ere egindakoa da.