Markoaren historia aberatsari buruzko ohar bat

Esan ohi da, eta hala onartzen da, markoa Grezian sortu zela K.a. IV. mendearen inguruan, pinturei nolabaiteko babesa emateko eta horiek errazago maneiatzeko.

Erromatarren horma pinturan zortzi puntako markoa agertzen da lau listoiekin eta mihiztadurekin, koadroaren ingleteak (moldura atalak lotzen diren lekuak) ahokatzeko. Esekitzeko sistema bat ere eratu zuten: koadroari axubeta bat jartzen zioten goiko bi angeluak zehar-katuz eta gero horman jarritako kako batean esekitzeko. Sarri koadroei bi ate jartzen zizkioten margoa babesteko.

Antzinako zurezko koadroekin batera -materialaren ezaugarriengatik gure garaiotara ez dira askorik iritsi-, metalezkoa ere egiten ziren, indusketa arkeologiko batzuetan aurkitu izan direnez. Egipton markoa hileta errituetan ere erabiltzen zuten momifikatze praktikekin batera.

Antzinako arte giristinoan eta bizantziarrean, hala nola erromatarren aurreko agerpenetan, markoa sarritan agertzen da. Horrek garapen handia izan zuen, garai hartan irudiak gurtzea asko hedatu zelako. Koadro erromanikoetan oso nabarmena da eragin frantsesa, eta horretan zerikusi handia izan zuen Done Jakue bideak, hortik ibili zen joan-etorriak markoak egiteko teknika zabaltzen lagundu zuelako.

Gotiko ia pintura guztia erlijiosoa da, eta elizetako erretaulek garapen handia izan zuten. Garai hartako markoak, hain zuzen ere, erretauletako pinturetara egokitu ziren, betiere garaian garaiko estilo nagusietara doituz. Esan daiteke XIII. mendean jaio zela markoa, gaur egun marko hitzari ematen diogun adierazpenarekin, esanahi da, babestuko duen obraz bereizita egindako markoa.

Geroxeago, XVI. mendearen hasieran, aurreko garaietan koadroetan nagusitu zen sotiltasunari leku hartuz, luxu handiagoko markoak hedatu ziren eta aldi berean, jada errenazimenduan, ordura arte elizek, monasterioek eta komentuek eskatzen zituzten pintura eta koadroen eskaria errege eta nobleen jauregietara zabaldu zen. Horiek horrela, artisau asko eta asko hasi ziren markoak egiten eta espezializatzen, eta benetako artelanak egiten.

Espainian pintura XVII. mendean izan zuen loraldia eta horrekin batera markoak ere elementu bereizgarri batzuk izan zituen, "espainiar estilo"a sortuz. Aurreko aroetan bezala, era askotako markoak egin ziren, besteak beste: polikromatuak, edergarri zizelkatudunak, hostotsuak eta lore mamitsukoak, kizkurrez beteak eta marketeriakoak.

Historialariek uste dute Frantziako Luis XV.a erregearen (1723-1774) agintaldian hartu zuela markoak sekulako indarra. Ondorengo urteetan gertatu ziren aldaketa sozialak eta joera artistikoen aldaketak ere nabarmentzen agertzen dira koadroetan, horiek ere haietara egokitzen baitziren.

Marko