Bitartekoak

Martinek bi lokal ditu, bien artean komunikatuta, hirurogei metro koadro ingurukoak. Horietan, abarkagileak beste batzuen artean ondorengo produkzio bitartekoak ditu: larrua mozteko prentsa hidraulikoa; estanpagailua, abarkari forma emateko nylonezko haria pasatzeko zuloak egiteko; larrua jateko tresna; tira ebakitzailea; bi josteko makina, bat abarka zoruak josteko eta beste puntetarako; mihiak kolatzeko tresna, josturak estaltzeko; eta abarkei forma emateko makina. Bi makina horietan, anaiekin elkarlanean, berrikuntza handiak sartu ditu, eta horrek lana erraztu egin du.

Erabiltzen dituen erremintetako asko eta asko zapatagileek erabiltzen dituztenak dira. Besteak beste: guraizeak, larrua markatzeko mailuak, erregelak, lantzerrak egitekoak, puska kentzaileak, erliebeak lantzekoak, eztenak (josteko), zizelak, markak egiteko erruletak, eta txantiloiak, abarka neurri bakoitzerako bat.

Horri gehitu behar zaizkio lokalen dituen apalak, oso beharrezkoak bai larrua bai fabrikazio prozesuan edo bukatuta dauden abarkak uzteko.