Materialak eta erremintak

Lehen esan dugun bezala, Migel Urrozek egiten dituen lanek zurari buruzko jakite handia eskatzen dute, lan horretarako funtsezko lehengaia baita. Nagusiki ezpel, gaztainondo, lizar, pago, gorosti eta elorri zuri eta enaren zurak erabiltzen ditu, baita ereinotz eta gereziondoarenak ere. Bere lantegian olibondo zati handiak ere gordetzen ditu.

Ingurunea, batez ere inguruko herri basoak horren ondo ezagutzen dituenez, aipatutako zur horiek guztiak eskura izaten ditu; normalean,  aizkorarekin eta urte askotako eskarmentuak erakutsitako garai eta era komenigarrienean mozten ditu. Zur moten artean desberdintasunak badaude ere, zur-mozketa abendutik otsailera egiten du gehienetan, ilbeheran; baina beharrezkoa bada, ilgoran ere egiten du mozketa. Hurrengo pausoa enborretako adarrak kentzea da, eta horretarako zeioa erabiltzen da. Gero, enborrak lantegira edo inguruko instalazio batera garraiatzen dira; bertan, betiere zur bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, enborrak lehortzen uzten dira zura finkatzen den arte.

Migel Urroz artisauak erreminta ugari erabiltzen ditu. Lehen aipatutako aizkora eta zeioez gain, arotz eta ebanisten artean ohiko diren era eta tamainu guztietako erremintak ere erabiltzen ditu: besteak beste, eskuzerrak, kurrikak, mailuak, zurmailuak eta mazoak, arraspak, garlopak, ginbaletak, birabarkizko zulagailuak, batez ere lantza-puntaduna, gubiak eta azkenik hortzak.

Lehen, aipatutako erreminta gehienak artisauak berak fabrikatzen zituen, edo bestela errementari espezializatuei enkargatzen zizkieten. Hala ere, erremintak gero eta gehiago erosi egiten dira; nahiz eta eragiketa jakin batzuetarako, Migel Urrozek oraindik erreminta batzuk bere lantegian fabrikatzen dituen, askotan metaletarako zerra-orri zaharrak erabiliz.

Egiten dituen produktuei azken akabera emateko lixa mota ezberdinak erabiltzen ditu.