Mediavillatarrak

 Legazpiko Patrizio Etxeberria SA (Bellota) enpresan, erreminta eta pieza forjatuetan espezializatuak ziren, eta bertan burdin-lanketarako kurrika asko erabiltzen zituzten iraganean. Hori zela eta, kurrikak lantegiko hiru sutegietako batean egiten ziren. Azken hamarkadetan, Rikardo Mediavilla aritu zen lanean sutegi horretan, eta gero bere semea, izen berekoa.

Ricardo Mediavilla (Villamurriel de Cerrato, Palencia, 1928), nekazarien semea zen eta hamazazpi urte zituela hasi zen errementaritzan, ikastun gisa. Soldaduskan ferratzaile laguntzaile gisa aritu zen lanean. Berriz etxera itzuli zenean, hogeita hiru urte zituela, bere lantegia ireki zuren Boadilla del Caminon (Palencia). Bertan, inguruko nekazarien beharrei erantzuten zien, besteak beste goldeak konpondu, golde muturrak eta bestelako piezak egin eta zaldiak ferratzea ziren lan nagusiak.

Lan guztiak eskuz egiten zituen, elektrizitatea argiztapenerako bakarrik erabiltzen zuen. Oro har, lehengaiak oso kalitate kaskarrekoak izaten ziren, eta lan tresnak ere nahiko oinarrizkoak ziren, besteak beste pezoz eraikitako labe bat; ingude bat; eskuzko zulagailu bat, inertzia bolante handi batekin; eskuzko mailu ugari eta bestelako erreminta pila bat. Hori zela eta, ahal zuen bezala moldatu behar zen gauzak konpontzeko, eta batzuetan zulagailurako barautsak ere egin behar zituen lan egin ahal izateko.

1950eko hamarkada erdialdera, nekazaritza mekanizatzen hasi zen, eta traktoreak nahiz bestelako makinak agertzen hasi ziren. Ondorioz, errementari lana galtzen hasi zen. Orduan, Patrizio Etxeberria SAk lanpostu bat eskaini zion lantegian, eta 1959an aipatutako enpresan hasi zen lanean errementari, zehazki lantegiko sutegi batean.

Sutegi bakoitzean ofizial bat eta bere laguntzaileak egiten zuten lan, lantegian behar ziren kurrikak egiten. Horrez gain, kakoak, uztaiak, galdaragintzarako era guztietako jantak, konponketak eta era horretako beste lanak egiten zituzten.

Oroitzen da, enpresan lanean hasi zenean, lantegiko makina nahiz baliabideak bere artisau-lantegikoak baino askoz ere aurreratuagoak zirela, eta horrela lana askoz ere errazago eta trabarik gabe egin zezakeela.