Mekanizazioa

Hiru hortzeko sardeak forjatzeko moduan egiten ziren 1975. urtera arte gainontzeko modelo guztiak, baita handiena ere, hau da, 14 hortzekoa. Sarde berezi hori trenetan erabili ohi zen trenbideko legarra zabaltzeko edota tren makinari ikatza botatzeko. Aipameneko urte horretatik aurrera, fabrikazio prozesua modernizatu egin zen batez ere gehien egiten ziren modeloei dagokienez.

Sarde berezi hori egiteko, lehenbizi altzairuzko xafla batetik zati bat kentzen zuten, hori labean berotu, eta ondoren, gori-gori zegoela, sorbalda egiten zuten eta horri hortzak ateratzen prentsa batean. Pieza hori bi arrabolen artean ijeztatuz, hortzak ateratzen dizkiote, eta beste prentsa batean sartuz neurrira mozten dute eta material soberakina kentzen.

Ondoren, aire-presioz funtzionatzen duen berariaz egindako tresna batean hortzak irekitzen dituzte, eta horiei forma, lekua eta neurri egokiak eman ondoren, erreminta gozatu egiten da eta akabera ematen zaio beste sarde modeloak egiteko zehaztu dugun moduan, pieza margotuz eta giderra jarriz. 

Gaur egun erabilera askotako (belarra, simaurra, erremolatxa, artoa, eta abar) sardeak egiten ditu enpresak, eta erabilera bakoitzerako hainbat modelo egiten ditu, hasi bi hortzekoetatik eta hamalaukoetaraino.

Laiak egiteko ere sardeak egiteko antzeko prozedura erabiltzen dute, eta arrasteluak xafla bat modu egokian prentsa batean moztu eta okertuz egiten dituzte.