Lan baldintzak

Merkataritza bidaiari beterano guztiak bat datoz lanbidearen gauzarik txarrena, familiatik eta ingurune sozialetik urrunduta pasa behar izaten zuten bolada luzea zela adieraztean. Igandeak eta jai egunak zama latza bihurtzen ziren, eta “lanbide berekoak” bilduta elkarrekin arintzen saiatzen ziren. Hirurogeiko hamarkada arte, etxekoekin harremanak posta bidez mantentzen zituzten.

Zenbait herrialdetako beroek eta hotzek ere lanbidea laztu egiten zuten. Urte-sasoia aldatzera zihoanean etxera idazten zuten, arropa egokiak egongo ziren tokira bidal ziezazkioten. Erakusteko guztia zuen maletaren balizko lapurretak ere kezkati mantentzen zituen, izan ere, hori gabe ezin zuten lanik egin, eta, askotan, balore garrantzitsuko merkantzia izaten zuten bertan, eta beraiek ziren horren arduradun.

Merkataritza bidaiarien ordutegiak komertzioen ordutegietara egokitzen ziren, eta saiatzen ziren dendetara bezero gehien joaten zen uneetan ez joaten. Lana asteko egun guztietan egiten zen, igandeetan izan ezik. Dena den, aurreko mendeko hirurogeiko hamarkada aurrera joan ahala “larunbat ingelesa” izenekoa egiten hasi ziren (arratsaldean itxita).

Ez dirudi merkataritza bidaiarien ordainsaria lanarekin bat zetorrenik. Komisiora lan egien zutenek lortutako eskabideen diru kopuruaren gaineko portzentaia bat kobratzen zuten: “ezer saltzen ez zen egunetan, eta horietakoak ere izaten ziren, ez zen ezer irabazten”. Dena den, lanbide horretako beteranoek diotenez: “ordezkatzen zituzten enpresetako bulegoetan baina hamaika aldiz gehiago irabazten zen”.

Garai hartan arruntak iruditu arren gaur egunetik begiratuta bitxiak diruditen hamaika gertaera izan dituzte merkataritza bidaiariek.  Beteranoetako batek kontatzen du aurreko mendeko hogeita hamarreko hamarkadan, Arratiako haraneko bezero garrantzitsu bat ikustera joaten zenean, trena hartu behar izaten zuela, eta itxarote denbora atseginagoa egiteko, apretak eta pilota eramaten zituela frontoian jolasteko.  Garai hartako ohiturak argi ikusten dira zenbait jokabideetan, esaterako, Bilboko Almirante Hotelak igandeetan bidaiariak erakartzeko, horiek baitzituen bezerorik onenak, menuan otarraina eta angulak (garaia zenean) sartzen zituen. Gizon gazteak ziren asko, eta familietatik urrunduta hilabete luzeak eramaten zituzten, hori dela eta ez da harritzekoa bisitatzen zituzten lekuetako emakumeekin harreman desberdinak izatea.

Espainiako legedian, “komisionistaren“ irudia, merkataritza komisioaren aldaera gisa ulertuta, 1829ko Merkataritza Kodean jasotzen da, eta geroago, 1885ekoan. 1926arte ez da Merkataritza Ajentearen lanbidea onartuko, baina hala eta guztiz ere jarduera horren egitekoa ez da arautuko. Data horretan sortuko dira Elkargo Ofizialak eta elkargoan izena emateko derrigortasuna. Horrek guztiak aurrerapen handia suposatu zuen lanbidearentzat.

FacturaIruñako Perla Hoteleko faktura bat.(1925/04/30).

 

Informatzaile nagusia

  • José Martínez Rabanal