Merkaturatzea

Lander Urkiak eskaintzen duen taila eskaintza ezaguna da bere obrak erosi dituzten bezeroek emandako informazioengatik, eta neurri txikiago batean artisau- tza azoketan parte hartzeagatik. Bezeroarekin duen harremana zuzena da. Lanaren berri emateko beste baliabide bat ere badu, web orri bat, hain zuzen ere: www.landerurkia.com. Bertan lan eta produktuei buruzko informazioa aurki dezakegu.

Eskaria egiten dioten bezero batzuek nahikoa zehaztua izaten dute zer nahi duten, baina beste batzuek artisauak egiten dien proposamena onartzen dute. Horrela, egile honek, zenbaitetan eskaintza bere diseinuetan edo balizko eroslearen iradokizunetan oinarritua egiten du. Eskaera, aurrekontua eta guzti, lanari ekin aurretik zehazten da beti.

Eskaera gehien erakunde publikoetatik eta partikularrengandik jasotzen du. Erakundeek batez ere garaikur gisa erabiltzeko enkargatzen dizkiote, eta zenbait kasutan instalazioetan apaingarri jartzeko, eta partikularrek, berriz, dagoeneko aipatu dugunez, apaintzeko helburu soilarekin.

 

Erakusketa iraunkorra

Hemendik gutxira erakusketa iraunkorra inauguratuko du, lanak eta bizitzan zehar bildu eta katalogatutako aspaldiko tresna eta erremintak erakusgai jartzeko.