Merkaturatzea eta salneurriak

Angulak merkaturatzeko ohiko bideak bi izan dira: alde batetik handizkariena, enkante edo salmenten bidez, eta bestetik arrantzaleen zuzeneko salmenta jatetxe eta kontsumitzaileei.

Deban, 1920ko hamarkada bukaera arte, angula garaian Joxe Treku “Zigarrerokoaren” dendan enkanteak egiten ziren. Ohiko txanpona erreala zen eta eskaintzen zen diru kopurua bost zentimoka igotzen zen. Geroago Jose Maria Egaña “Txapartaren” "ultramarino” edo janari dendetan ere saldu ziren. Azken enkantea 1933an egin zen eta salneurria kiloko lau pezetara iritsi zen. Denen oroitzapenean geratu dira Arana eta Pistona eskatzaileen izenak. Enkanteetara beste erosle batzuk ere joaten ziren, erositako angulak Eibarren eta Bilbon ostera saltzeko.

Nahiz eta datu fidagarriak izatea zaila den, angulariek urte hauetan guztietan ondorengo salneurriak eskuratu dituzte: 1925ean, kiloko 1,50 pezeta jaso zituzten; 1925ean, kiloko 20 pezeta; eta 1950ean, kiloko 200 pezeta. 1989an kiloko 20.000 pezetara iritsi ziren, eta 2002. urtean, 25.000 pezetara (150.000 euro).

Benito Etxabek angulen salneurria normalean Aginagan ezartzen zela dio, eta gainera “angula beltzak zuriak baino preziatuagoak zirela". Normalean Eibarko, Donostiako, Getariako eta Azpeitiko jatetxeei zuzenean saltzen zizkieten angulak. 1980ko hamarkadan, Frantziako hego-mendebaldeko arrantzaleak angulak japoniarrei saltzen hasi ziren, eta ondorioz prezioak asko igo ziren.

Anguleroak

Santiago Salegik dio “nahiago zutela angulak bizirik saltzea, hiltzerakoan pisuan libra erdi bat galtzen zutelako, nahiz eta garestiago saldu, lanak ez zuelako merezi”. Salmenta Aginagako kontsejupean egiten zen eta biharamunean salneurria kobratzen zen. Joan-etorriak trenez egiten zituzten "goizeko zortzietakoan joaten ginen eta eguerdiko hamabitakoan itzultzen ginen".

Imanol Ikutzak dio angulen kotizazioa asko handitu duela angula biziak japoniarrei saltzeak, hauek gero arroz-soroetan hazteko. 2003ko urte hasieran, arrantzaleek kiloko 120 bat euro kobratu dituzte (ia 20.000 pezeta).

2003ko martxoan, (lan hau idazten bukatu zenean), kontsumitzaileak angula kiloko 475 euro ordaintzera iritsi ziren (79.033 pezeta).