Metalezko karrozeria gailendu zen

Egurra lantzeko erabiltzen ziren lanabesak arotzek eta ebanistek erabiltzen zituztenak ziren. Lantegian zinta-zerrak, fresatzeko makinak eta arrabotatzeko makinak izaten zituzten.

Egurra (lizar, akazia, haritz edo intxaurrondo zura) enborretan edo oholetan erosten zen Nafarroan, batez ere Huizin, Leitzan eta Baztango bailaran. Kasu batzuetan ere, egurra Landetan erosten zen.

Aipatu berri dugun bezalako karrozeria egin ahal izateko, bi kaxagilek, errementari baten laguntzaz, ia bi hilabete behar izaten zituzten. Apaindurak jarri, pintatu eta azken akabera emateko, beste horrenbeste behar izaten zen.

1920 aldera, txapazko kanpo-estaldura zuten karrozeriadun autoak agertu ziren. Karrozeria hori egurrezko egitura bati lotuta joaten zen. Hala ere, autobusetako karrozerian egurra erabiltzen jarraitu zuten gutxi gorabehera 1960 arte. Kaxagileek, bidaiariek lekua egurrez egiten zuten, eta ondoren metalezko xaflekin estaltzen zuten (xaflatua).

Kamioetan ez zen gauza bera gertatu. 1940 aldera, fabrikan motordun xasisa bakarrik erosi eta ondoren kabina egiten bazen ere, 1945erako, fabrikatzaileek serieko metalezko kabina saltzen zuten motorrarekin batera.

Kasu guztietan, usadiozko karrozariek egurrezko karrozeriadun ibilgailuak konpontzen jarraitu zuten.

Irizarrek 1928an karrozatu zuen lehen autobusa. 22 eserlekuko Renault bat zen, eta lanagatik 4.500 pezeta kobratu ziren. Horri motorrak eta xasisak balio zituen 12.500 pezetak gehitu behar zitzaizkion, guztira 17.000 pezeta beraz.

1942an, 28 eserlekuko REO autobusaren karrozeria jartzeko (egurrezko egitura eta txapazko estaldura zuena), bi pertsonek hiru hilabete behar izan zituzten (hileko 1.000 pezeta irabazten zuen bakoitzak). Eta lan horregatik 8.500 pezeta kobratu ziren guztira.

 

Oharra: Gure eskerrik beroenak Luis Stinus Alvarez, Luis Stinus Sorondo, Migel Maria Irizar Bengoetxea, Julian Apaolaza Elosegi eta Gabriel Peñari, lan hau egiteko informazio benetan baliagarria eman baitigute.