Mineral-garbitokietan

Lehen esan dugun bezala, burdina eduki handiena zuten meatzeak agortzen joan ziren, eta ondorioz, aldez aurretik baztertutako mineralak ustiatzen hasi ziren. Horien artean ohikoena txirta izenez ezaguna zen buztin edo arrokekin nahastutako limonita (horaila) minerala zen. Mineral hori labe garaietan erabili edo esportatu baino lehen, garbitu egin behar zen (elementu antzuak kentzeko).

Lan hori emakumeek egiten zuten, eskuz, eta garbitokiak izeneko instalazio batzuetan.

Ustialekuetako minerala zaldiz tiratutako bagoietan iristen zen garbitokietara, gehienetan zaldi-aditu batek gidatuta. Poliki-poliki plano inklinatu eta aire-tranbiak hasi ziren erabiltzen zaldien ordez. Minerala biltegi batean gordetzen zen aldi batean, eta gero, garbitokietara garraiatzen zen. Garbitokia metalezko zilindro birakari handi bat zen. Minerala aho batetik sartzen zen, eta ura kontrako norabidean isurtzen zen, horrela mineralarekin nahastuta zeuden lurra eta ezpurutasunak banatu eta herrestan eramaten zituen urak. Ondoren, mineral garbia, banaketa-mahaira erortzen zen.

María PellicerMaria Pellicer Martinez (J.M.I. 12/2000).

Instalazio hori burdinazko plater borobil handi bat zen, lau metro diametro ingurukoa. Leihate handi bat zuen erakinean egon ohi ziren kokatuta, ondo argiztatuta egon zedin. Eguraldi ona egiten zuenean, leihate hori ireki egiten zen. Emakumeak plater horren inguruan jartzen ziren, etengabe biratzen zuen bitartean. 1920-1930 inguruan, garbitoki bakoitzean hamalau emakume bitartean aritzen ziren lanean. Minerala uniformeki zabaltzen zuten pala batekin, ondoren, pasatzen zen materialaren artean, elementu antzuak aukeratu eta kentzen zituzten.

Minerala, garbituta zegoenean, zulo batetik erori eta arrapala batera iristen zen. Mineral hori Galdamesko trenbideko "portuan" gordetzen zen, trenbide bidez norabaitera bildaltzen zen arte. Material antzua langile bakoitzak ondoan zuen saski batera botatzen zen, eta handik bagoietan garraiatzen zen hondakindegira.

Langilearen gehiengoa emakume gazte ezkongabeak izaten ziren, baina bazeuden emakume ezkondu eta alargunak ere. Ingurukoak izaten ziren gehienak, eta 14 urterekin hasten ziren lan horretan, arduradun baten esanetara. Batzuetan eserita egiten zuten lan, kasu bakoitzean mineralak zuen ezpurutasunen arabera.

Lanean ari ziren bitartean ezin zuten ez hitz egin ezta abestu ere, arreta galdu zezaketela uste baitzen. Zortzi orduko lanaldia egiten zuten, eguerdian ordubeteko atsedenaldia egiten zuten (udan bi ordukoa) “eltzeko moldatua” bazkaltzeko. Gehienetan lantokian bertan bazkaltzen zuten, eta jatekoa senideren batek ekartzen zien etxetik.

Lan giroa oso hezea zen, minerala bustia iristen baitzen, eta neguan, hotza. Hori zela eta, eraikin barruan sua pizten zen, eta oinak adreilu beroekin epeltzen zituzten. Noizean behin, txandaka, sutondora inguratzeko baimena izaten zuten, eskuak berotzeko.

Lana ez zen destajukoa izaten, baina iristen zen material guztia garbitzera behartuta zeuden. 1923an, zortzi orduko lanaldiagatik 4 pezeta irabazten zituzten. Soldata horrekin garai hartako segurantzan ere kotizatzen zuten, eta horri esker erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea izaten zuten. Beraiek ordaindutako aurreko mantal bat erabiltzen zuten babesteko, enpresariak ez baitzien inolako arroparik ematen.

Lantokian laguntzaile bat izaten zuten, meategietan lan egiteko gazteegia zen mutila edo adinaren (edo istripuaren) ondorioz lanik egin ezin zuen meatzariak izaten zirenak. Horiek material antzuz betetako saskiak garraiatzen zituzten, eta urketari lanak ere egiten zituzten, upel batekin.

XX. mende hasiera arte, energia elektrikorik edo garbitu beharreko mineralik ez bazegoen, emakumeek portuetara joan behar zuten. Bertan, mineralez betetako saskiak buru gainean jarri eta kargalekuetara garraiatzen zituzten, bertan, txalupetan kargatu eta ontzi handiagoetara garraiatu ahal izateko.

Emakumeak minerala ontziraleku batera garraiatzenEmakumeak minerala ontziraleku batera garraiatzen, 1833 (Gallartako Meatzaritzaren Museoa).