Mintegiak

Eustaquio Alberdi Lizaso (1922) Zumaiako Oikia auzoan jaio zen, Rentería Nueva edo 'Kondekua' izenez (Villafrancako kondeari erosi zioten 1954an; hortik omen datorkio izen hori) hobeto ezagutzen den etxean, eta bertan bizi da. Eustaquio ortuzain ospetsua da; gazte zenetik ibili zen bere familiakoekin tabako-belarraren laborantzan, eta hamarraldi batzuetan bera izan zen jarduera horretan ari ziren baserritarrak koordinatzeko arduraduna.

Eustaquiok berak gogoratzen duenez tabakoa hazteko Servicio Nacional de Tabaco-ren baimena behar izaten zen, eta bere eskualdean 1933. urtean lortu zuten lehenbizikoz baimen hori. Laborantza hasteko, aurrena mintegi batzuk prestatu behar izaten zituzten "lurzoru sano"an. Lur zerrendak gutxi gorabehera 1,5 metro zabalera eta luzera aldagarria izaten zuen, hazi beharreko tabakoa nolakoa (500 ale inguru metro koadroko). Hiru geruza izaten zituen. Azpi-azpikoa legarrezkoa, ura drenatzeko; gainetik, simaurrezkoa, hobe asto, zaldi edo mandoen gorotzez egindakoa; eta goikoa ongarri hutsa edo lurrarekin nahastua.

Eustaquio Alberdiren iritziz komenigarria zen lur zerrenda hormatxo batez inguratu eta kristalez estaltzea; horretarako, Foru Aldundiak gainera diru laguntzak ematen zituen.

Eustaquio Alberdi gaur egunEustaquio Alberdi gaur egun. (Javier Carballoren argazkia).

Mintegia prestatu eta desinfektatu ondoren, martxo aldera Servicio Nacional de Tabaco-k eskuratutako hazi ñimiñoak (gramo batean 8.000tik 20.000ra hazi sartzen dira, aldagaia nolakoa zen) ereiten ziren, eta horiek metro koadro jakin batzuetan erein behar izaten ziren; hala "metro koadro bakoitzean 500 belar inguru hazten ziren".

Eustaquiok adierazi digunez "beroarekin azkarrago ernamuintzen dira haziak; beraz horiek ur epelarekin bustitzen genituen eta oihal batean bildurik 18-20º inguru zegoen gela batean gorde. Gero hazi horiek, ernamuintzen hasi aurretik lurrean sartzen genituen, gramo erdi metro koadroko".

Mintegiari arreta berezia zor zitzaion: egunero ureztatu; hezetasuna mantendu baina putzurik eratu gabe; ernamuintzen ziren belarrak zaindu, eguzkiak gehiegirik jo ez zitzan; eta gauetan hotzetik babestu. Horrekin guztiarekin batera, belar gaiztoak kendu eta lurra noiz behinka jorratu, elkarren artean tarte berdinak eratuz eta soberan ziren landareak beste haztegi batera eramanez. Eta azkenik, lurrari ongarria eman, belarra hazten laguntzeko.

Eustaquio Alberdik adierazi digunez “haztegian ehun egun inguru egin ondoren, hau da, maiatzaren amaiera edo ekainaren hasiera aldera, landareak 12 edo 15 zentimetroko luzera hartzen duenean, behin betiko kokalekura aldatu behar izaten zen. Aldaketa hori haizeak gutxi jotzen zuen egunetan eta goizeko lehen orduetan edo arratsean, eguzkiak indarrik ez duenean, egiten zen. Leku berrian sartzerakoan landare batetik bestera metro erdi edo zertxobait gehixeagoko tartea uzten zen".