Moldekatzaileak

Moldekatzaileek burdinurtua isurtzen zen hondarrezko moldeaketa edo hustuketa egiten zuten. Horretarako, eredugileek egindako egurrezko eredua eskuratzen zutenean, hondarrezko moldea egiteko kaxa edo metalezko markoaren tamaina aukeratu behar zuten. Horretarako kanpoko hondarraren lodiera kalkulatu behar izaten zuten, gainean isuriko zen burdinurtuaren eragina jasateko modukoa izan behar baitzen.

Jarraian, kaxa barruan egurrezko eredua sartu eta kaxa hondarrez betetzen zuten. Hurrengo pausoa hondar hori mazo batekin trinkotzea zen (moldea zafaratzea). Azkenik, eredua atera eta hark betetako lekua hutsik geratzen zen. Azken eragiketa hori egitean, askotan hondarrezko irudiaren zati batzuk apurtu edo hondatzen ziren, gehienetan ertzak. Horren ondorioz, espatula eta paleta erabiliz, irudia birmoldatu behar izaten zuten. Moldekatzaile zahar baten aburuz, lan horretarako “berariazko ezagutzak izateaz gain, eskultore samarra ere izan behar zen”.

Halaber, burdinurtua moldearen zein ataletan isuri behar zen erabaki behar zuten, baita gasak zein puntutatik atera behar ziren ere (hau da, piezak nola arnastu behar zuen), horrela piezak behar zituen zulo edo haizebideak egin eta moldea erabat bete zedin. Horretarako, moldearen atal txikienak eta konplexuenak beheko aldean jartzen ziren, behar bezala betetzeko.

Askotan piezak oso handiak ziren (makina-bankadak, bolante handiak, engranajeak eta abar), eta ondorioz garestiegia izaten zen aldez aurretik egurrezko modelo edo eredu oso bat egitea. Hori zela eta, piezaren atal garrantzitsu edo konplexuenen ereduak bakarrik egiten ziren. Kasu horietan, moldekatzaileak ereduaren gainontzeko atalak hondarrean egiten zituen zuzenean, era askotako irudi eta elementu geometrikoen laguntzaz.

Kanoi galdategia, XVIII. mende bukarea alderaKanoi galdategia, XVIII. mende bukarea aldera. Diderot eta D'Almenberten entziklopediaren arabera.

Galdategia. aurelio artetaren  freskoaGaldategia. aurelio artetaren freskoa madrilgo bilbao bizkaia bankuan.

Lehenbizi, burdinazko piezaren pisua kalkulatzen zen, horrela labean zenbat burdinurtu (likido) prestatu behar zen jakiteko, eta zein zali erabili behar zen erabakitzeko. Horretarako, pinu egurrez egindako piezaren pisua x12 biderkatzen zen. Terraila bidezko moldeak egiterakoan beste metodo bat ere erabiltzen zen: piezaren lodiera terrailatzean ateratzen zen hondarraren pisua x4,53 biderkatzea (burdinurtuaren eta erabilitako hondarraren arteko pisu-lotura zehazteko).

Ohiko piezen moldeak (5 eta 10 tona bitartekoak), labean sartzen ziren ondo lehortzeko. Horri esker, aglutinatzailea gogortzea lotzen zen, baita hondarrak moldeak egindako forma mantentzea ere. Zuloetan egindako moldeen kasuan (handiagoak ziren), galdategiak zuen instalazioaren arabera, zuloan labeak edo berogailuak sartzen ziren edo bestela gori-gori zegoen ikatzez betetako bidoiak jartzen ziren haien gainean.

Moldekatzaile on batek planoak interpretatzen jakin behar zuen. Horrez gain, geometriari buruzko ezagutzak ere eduki behar zituen, iraganean nahiko arraroa zena. Egin beharreko piezek behar zituzten forma eta bolumenak hondarrean egiten ere jakin behar zuten.

Burdinurtua zalian garraiatzenBurdinurtua zalian garraiatzen, jarraian moldeen gainean isurtzeko. unión cerrajera lantegia, XX. mende hasieran.

Galdategi bateko langileakGaldategi bateko langileak, moldeak prestatzen, 1950eko hamarkadan. Atzean, kubilotea edo labea ikus daiteke.

Horrez gain, hondar natural egokienak ezagutu eta aukeratzen jakin behar zuten. Hondar gehiena Gasteiz inguruan erauzten zen (Montecalvo eta Azazeta mendatean), eta erabili baino lehen probatu egiten zen, beti ez baitzituen ezaugarri berberak izaten. Jarraian, frogaren emaitzaren arabera, zenbat ur nahastu behar zitzaion erabakitzen zen, eta aglutinatzaileak ere gehitzen zitzaizkion. 1960ko hamarkada baino lehenago, aglutinatzaile gisa honako substantziak erabiltzen ziren: arto-irina, buztina eta harrikatz txikitua edota zerrautsa, zaldi-gorotza eta lastoa, erretzerakoan poroak irekitzen baitziren, ea bertatik gasak ateratzen baitziren.

Galdaketa-adituen arabera, eskuzko edo lurreko moldaketa, moldaketa mekanikoa ez bezala, artisau-lanbidea zen, eta horretan jarduteko ezagutza ugari izateaz gain, eskarmentu handia ere behar zen.