Mutrikuko Odriozolatarrak

XIX. mendeko azken herenetik aurrera, Odriozolatarrek, Mutrikun finkatutako errementari sendiak,  inguruan behar ziren era guztietako burdinazko  piezak egin izan dituzte, batez ere arrantzarako eta ontzigintzarako.

Gaur egungo jabea den Inazio Odriozolak azaldu digu bere birraitona Elgoibartarra (arma eta erremintagintzan espezializatutako industria-gune garrantzitsua), Mutrikun 1880 aldera finkatu zela. Harrez geroztik, familia bereko lau belaunaldi jarduera berean aritu dira familiaren errementeri edo aroztegian. Hala ere, Juan Garmendia Larrañagaren arabera, Juan Bautista Odriozolak, 1795ean Iraetan jaioak, Itziarko Itxaspe auzoko Zakoneta inguruan jarri omen zuen errementeri-lantegia. Handik Debako Kale Zaharrera aldatu omen zuen lantegia. Idazle entzutesuaren esanetan, haren semeetako bat, hain zuzen ere Jose Maria, izan zen Mutrikun finkatu zena.

Beste bi semek, Migel eta Frantziskok, Debako lantegian jarraitu zuten. Frantziskoren semeek jarraitu zuten lantegiko jardunarekin, bereziki Narcisok eta Jose Venturak. Narciso Venturak, bere iloba Fermin edo Antxontxorekin (1898ko uztailaren 7an jaioa), errementeixa edo errementeria 1966 arte mantendu zuen. Jose Venturak, Jose Urain Pepe Aldatzekin batera, errementeria Maxpe errebala kalearen eta N-634 errepidearen arteko bidegurutzean. Lantegi hori bere iloba Ferminek berea itxi baino urte batzuk lehenago itxi zuen. Bi kasuetan era askotako produktuak egiten zituzten, betiere bertako eskariaren araberakoak. Adibide bitxi gisa, Jose Venturak, Antonio Artetxe Arrizabalaga edo Sacako Markesa ganaduzaleak hala eskatuta, banderillak egiten zituen. Banderilla horien luzerari eta punten okertasun edo inklinazioari buruz desadostasun ugari izaten zituzten.

TresnakOrokorrean errementariek, eta bereziki ontzioletakoek, tresna ugari erabiltzen zituzten lanerako.

Trokela"Trokela".

Mutrikuko Odriozolatarrek, 1950 aldera sei artisau zituzten jardunean beren lantegian, eta urtetan zehar Mutrikuko Pedro Manuel ontziolan ontziak egiteko behar zituzten pieza eta burdineria guztiak egin zituzten bertan. Horien artean aipagarriak dira egurrezko pieza ezberdinak lotzeko erabiltzen ziren iltzeak, ontziaren gila eta branka babesteko erabiltzen ziren hagun erdibiribilak, baita gila osatzen zuten piezak lotu eta zuakerrekin elkartzeko erabiltzen ziren torloju bereziak ere (neurrira egindakoak). Horrez gain, banda edo giltzarriak eta lema kroskora lotzeko behar ziren bestelako piezak ere fabrikatzen zituzten. Halaber, arrantzarako hainbat tresna ere egiten zituzten, esaterako hegaluzeak ateratzeko kakoak, salabardoak, arpoi eta aingurak.

Odriozolatarren forja eta errementeria jarduera bereko beste edozein lantegiren oso antzekoa zen. Harrikatzez eragindako sutegi bat zuten, hainbat ingude, zutabedun zulatzeko makina bat, zerra mekaniko bat eta gainazalak arbastatu eta zorrozteko hareharri puska bat. Hori guztia sabaian finkatutako ardatz eta polea-sistema baten bitartez eragiten zen. Hormetan zintzilik era guztietako erremintak zituzten (mailuak, kurrikak, mazoak, trontza-zerrak eta abar), gehienak beraiek egindakoak.