Neskatilak

Jarduera hau Bizkaiko portu batzuetan garatu da, esaterako Bermeo, Lekeitio eta Ondarroan. Gipuzkoako portuetan, aldiz, ez dugu horren antzeko figurarik jaso. Sareginen kasuan bezala, familiako lanbide tradizional bat da, armadoreen eta, kasu batzuetan, ontzietako marinelen emazte, alaba edo arrebek zertua.

Juanita eta Trini LarrañagaJuanita eta Trini Larrañaga

Baxurako edo kosterako arrantza ontziei ematen zieten zerbitzua, eta baita arrantza tradizionalean jarduteko ingurasareak erabiltzen zituztenei ere. Ontzi bakoitzak neskatila bat edukitzen zuen, eta baita bi edo hiru ere kasu batzuetan. AZTIren arabera, 2009an Bermeon 64 neskatila ziren, nagusiki arrantza tradizionalean aritzen ziren 54 ontzirentzat.

Horien eginkizun nagusia beharko zen kaxa kopurua erabakitzea zen, eta zerbitzua eman behar zioten ontzia iristeko ordua baino lehen kaira zihoazen besteekin batera kaxa horiek prestatzea. Itxarotea, batzuetan ordu askotan zehar eta eguraldiaren menpe, lanaren alderdirik gogorrenetako bat zen.

Ontzia iristen zenean, kaian uzten zuen arrantzatua, berdelaren eta txitxarroaren kasuan batez ere. Orduan, neskatilek lagin adierazgarri bat hartu (neurria, pisua), eta kofradiara eramaten zuten, han aterako zuten eta enkantera arraina; aldi berean, salabardo bat erabiliz, aurrez prestatutako kaxak betetzen zituzten, enkantean arraina eramaten zuenari produktua entregatzearren.

Lehengo garaietan, badirudi neskatilen lana zela, halaber, arraina deskargatzea eta arrantzaleek itsas zabaleko egonaldirako beharko zituzten janari eta hornigaiak prestatzea; gaur egun, berriz, sukaldariak arduratzen dira horretaz.

Neskatilak autonomoak dira, kasu askotan armadorea arduratzen da horien kotizazioen kostuaz, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 912. epigrafean daude alta emanda. 2012ko urtarrilaren 27an “aparailuak egiteko eta mantentzeko” lehen lanbide-ziurtagiriak eman zituzten, eta horietako batzuk neskatila batzuentzat izan ziren. Horri esker, egungoa baino egoera hobeago batera iritsi ahal izatea espero dute. Lanaren ordainetan, berriz, “parteko soldata” jasotzen dute.