Obra

Simon Berasaluzek egindako obra xehetasunez ezagutzea ez da batere erraza, ez baizitzaion gustatzen bere lanak sinatzea. Ezagutzen dugun katalogazio bakarrak, nahiz eta osatugabea izan, 500 obra jasotzen ditu, denak AEB-takoak. Izan ere, katalogazio hori lehen aipatutako Edward W. Hiemer & Company enpresak egindakoa da, Simonek lan egiten zuen enpresak, alegia.

Simon Berasaluzek 1000 beirate baino gehiago egin edo egiten lagundu zuen, bai eliza katoliko, protestante eta sinagogetarako. Azken horietarako bibliako irudiak erabiltzen zituen batez ere. Nahi eta hein gutxiago batean izan, eraikin zibiletarako beirateak ere egin zituen. Estilo ugari menderatzen zituen, eta era berean, lehen esan dugun bezala, berritzailea ere bazen, akademizismotik urrunduz eta kolore ugari erabiliz.

Simon Berasaluzek egindako lanak AEB-tan daude zabaduta (tenpluak, kaperak, ikastetxeak), besteak beste New York, Boston, Philadelphia eta Clevelanden, baita Hego Amerikan ere.

Guztien artean aipagarriak dira New York estatuko Princeton hiriko Saint Paul elizako beirateak; Leominsterreko (Massachussets) Saint Cecile elizako 120 leihoak, ia 1000 m²-ko gainazala osatzen dutenak; Guatemalako Via crucisa edo New Jerseyko Red Bank herriko Saint James elizako Santiagoren irudia. Hego Amerikako herrialde askotan ere, bere lanak aurki daitezke: besteak beste Guatemalan, lehen aipatu bezala; Kolonbian eta abar. Frantziako garaiaren testigantza gisa, beiratu ugari daude Europan barrena sakabanatuta. Espainian, berriz, Belchiteko eliza berrian egin zituen Lege Zaharreko 40 eszenak daude. Euskal Herrian, aipagarriak dira Deba bere jaioterriko elizan egin zituen beirateak, Itziarko Andre Mariaren santutegikoak, Arrasateko Muxibar bidegurutzeko eraikin bateko eskaileratan egindakoa, Donostiako Belen eta Eskibel eskoletako kaperatako absideak, eta Irungo Kutxako bulego nagusikoa.