Obra batzuk

Oso zaila da jakitea zein lan egin zituen Jesus Berezibar “Txopak”, ez baitago haien idatzizko aipamenik. Gainera, asko eta asko saldu egin zituzten, Eibarren batez ere, bulegoak edo etxebizitzak apaintzeko (horrelako lanen artean egongelak, jangelak, logelak eta “luxuzko” idazmahaiak daude).

Lan hauen artean, aipatzeko modukoak dira Eibarko Aurrera-ren gerentearen bulegoko mahaia eta besaulkiak, ezen lanaren ezaugarriak zirela-eta gero jendaurrean egon ziren, ikusgai, Debako Monreal Hotelean. Era berean, Orbea enpresa garrantzitsuak Jesus Berezibar “Txopak” tailatutako hainbat altzari zeuzkan. Amaikak-Bat elkartearen trofeoak erakusteko bitrina ere gogoratzeko modukoa da.

Ezagutu zuten edo zuzeneko erreferentziak izan zituzten pertsonen oroimenean daude, halaber, Ondarroako parrokiako Bataiategia (San Joan Bataiatzailearen taila), Gernikako Santa Maria Elizako hainbat apaingarri, Durangoko Santa Maria elizako aulkiteria, organoaren altzaria eta belaunpekoak, eta San Pedroren irudi bat, Abadiñoko elizarako itxura, Debako Santa Maria elizarako tailatutako hainbat alegoria dauzkan bi metro inguru garaiko gurutzearekin batera.

Venezuelan egindako obren artean, batez ere San Javier del Valle-ko Casa de Retiro eraikitzen eta apaintzen eginiko ekarpen erabakigarria nabarmentzen da. Hiri hartako Jesuiten Eskolako 27 ikasleren oroitzapenez zabaldu zuten etxe hori, Eguberrietako opor batzuetan hegazkin-istripuz hil baitziren.

Jesus Berezibarrek zuzendu eta, neurri handi batean, berak egin zituen hildako haurren aurpegiak tailatuta dauden aldareak, aitorlekuak eta pulpituak. Honi guztiari erantsi behar panelak, zoruak eta logelak. Lan hauek egiteko, inguru hartako bertako zur ederrak erabili zituen. Eraikin hau monumentu artistiko nazionala da, eta Venezuelako Errepublikako orduko presidente Rafael Caldera jaunak inauguratu zuen.

Obra hau egiteko “Txopak” bere seme nagusi Josu Sabin Berezibar Aranbururen (Eibar, 1932) laguntza handia izan zuen, aitarekin hasia baitzen hau tailagile lanetan, geroago zurezko eskulturarantz jo bazuen ere, azken jarduera honetan izen handia lortuz gainera Venezuelan; gaur egun hantxe bizi da.

Era berean azpimarratu egin behar dira, alde batetik, Jesus Berezibarrek 1968an Caracasen egin zuen Kristo Gurutziltzatuaren taila, tamaina naturalekoa, La Rinconadako Nuestra Señora de la Luz parrokian nagusi dena, eta bestetik Tachirá estatuko San Cristobal katedraleko koruko aulki-saila.

Azkenik, gogoratu marrazkirako zuen esku trebeak XX. mendeko berrogeita hamarreko urteetako gizon-emakume ospetsuenen karikatura bikainak egitea ahalbidetu ziola.

Gure eskerrona Karmele Berezibar eta Juan Esnaolari, eta baita Paulino Larrañaga eta Patxi Altzibarri ere, eman dizkiguten argibide izugarri baliotsuengatik.

Ilustrazio guztiak, besterik adierazi ezean, Esnaola-Berezibar familiak eskuratu dizkigu

 

BaserritarraBaserritar bustoa, hogei zentimetro garaikoa, Pajeanen tailatua 1947ko azaroan (Anjel Azpeitiak utzia).

Talla de maderaJosu Sabin Berezibar Aranburuk eginiko zurezko taila.

Talla de maderaZurezko taila, tamaina naturalekoa, Jesus Berezibar “Txopak” 1968an egina La Rinconadako Nuestra Señora de la Luz parrokiarako.

Bibliografia

  • Urdangarin, Carmelo eta Izaga, José María. Oficios tradicionales VII. Gipuzkoako Foru Aldundia. Ekonomia eta Turismo Departamentua. Donostia. 2003 (119-137. orr.).
  • Eibar. Revista popular. II época. Año 40. Volumen 344. 1992ko urria. 8. or.