Ohar historikoak

Teknika hori Alais Senefelderrek asmatu zuen XVIII. mende bukaeran. Jaiotzez Pragakoa zen, baina Munichen bizi zen. Musika partiturak eta antzerki obrak inprimatzeko sistema merke baten bila zebilen, eta handik aurrera azkar zabaldu zen, batez ere liburuetan irudiak eta era guztietako mapa eta inprimakiak inprimatzeko.

Xavier Madariaga Atekaren arabera (1), teknika hau Jose Maria Cardanok sartu zuen Espainian. Senefelderren lantegian ikasten aritu ondoren, Madrilgo Marinaren Gordailuan teknika hori ezarri zuen. Bertan itsas mapak egiten zituzten, eta handik industria grafikora zabaldu zen.

1821ean, Tolosan, Euskal Herriko lehen inprimaketa litografikoa egin zen: Gipuzkoako planoa. Egileak Telleria, Malloz eta Frantzisko Imperial Sandoval izan ziren. Azken honek egin zuen grabatua, eta hori egiteko Hondarribiko harria erabili zuten.

Urte hartan bertan, Tolosako Udalak prentsa litografiko bat egitea agindu zuen, eta Antonio Mallozi oparitu zion "litografiako artea ikasi eta beharrezko ezagutzak zituenean erabili zezan".

Tolosako Udalaren ekimen hori Foru Aldundiak txalotu egin zuen "lurraldean ezezaguna zen arlo bat ezarri eta horrela artea eta zientzia sustatzeko” balio baitzuen. Horren ondorioz, Tolosan litografo, inprimatzaile eta grabatzaile ugari azaldu ziren. Horien artean, aipatzekoak dira Laborde eta Labaienen mende bukaerako litografiak.

1820an, Litografia-arteen Eskola bat sortzen saiatu ziren, baina azkenean ekimenak ez zuen aurrera egin, agintariek ez baitzuten behar bezala erantzun. 1829an, ordurako bazegoen litografia lantegia bat San Juan elizaren parean. 1935ean, herri berean Revista Pintoresca de las Provincias Bascongadas aldizkaria argitaratzen hasi ziren, eta bertan paisaia eta jendearen litografiak agertzen ziren. 1845ean ireki zen lehen litografia lantegia Donostian. Zuzendaria G. Carpenter zen, Donostia eta inguruetako irudi asko zabaldu zituena.

Gasteizen jardunean hasi zen lehen litografoa Inazio Egaña izan zen, jaiotzez Debakoa zena. Lantegia 1839an ireki zuen, baina aldez aurretik litografia inprimaketak egiteko harri aproposa aurkitu zuen Oikina (Zumaia) eta Aizarnazabal arteko harrobi batean, eta harri hori erauzi eta lantzeko sozietate bat eratu zuen.

Harrobi batean harri litografiko bat egitenHarrobi batean harri litografiko bat egiten.

 

(1) Noticias de los orígenes de la litografía en Euskal Herria. Xabier Madariaga Ateka. Artes Gráficas. Una introducción a la historia de la imprenta en el País Vasco. Bizkaiako Foru Aldundia. 1995.