Ohiturak

Ohikoena da bitxigilearen tailerrera joaten den bezeroek gogoan duten bitxiaren inguruko ideia zehaztugabeak eta definitu gabeak izatea, horrexegatik, bitxigileak hautaketarako aholkuak eman behar dizkie, eta horretarako, aukera ezberdinak aurkeztuko dizkie, bai adierazpenen bidez, bai zirriborroetan, edo erreferentzia gisara balioko duten aurretik egindako piezak erakutsiz. 

Bezeroak hautaketa egiten duenean, bitxigileak aurrekontu bat aurkeztuko du, eta hor erabiliko diren materialen kostuez gain eskulanetan zenbat izango den ere adieraziko da. Onartuz gero, bezeroak nahi duen bitxia egiten hasiko da.

Zenbait kasutan eta zenbait bitxirekin, bezeroak hautatzen du harribitxia, eta gero, bitxigileak horren inguruko aukerak aztertuko ditu, nabarmentzeko, markatzeko, eta urrea, zilarra edo platinoarekin itsatsiz eraztuna, belarritakoak edo beste bitxi bat lortzeko.

Beraz, bezero bakoitzarekin duen harremana oso zuzena da,  eta harreman horrek erabat baldintzatzen du bezero berriak izateko aukera. Bitxigilea ahoz aho pasatzen den informazioaren bidez ezagutzen eta baloratzen da, askotan tailerra ez baita egoten merkatal gune batean.

Eraztunak

Aurretik azaldutako guztia kontuan izan arren, bitxigileek sentitzen dute ez dela aintzat hartzen artisau teknikak erabiliz landutako diseinu bakarreko piezen balore justua. Bezeroek piezak erosteko salmenta prezioa hartzen dute kontuan eta itxurari ematen dioten edertua.

Goiko espezialistak esan digunez, bitxia sozialki nabarmentzeko erabiltzen den gailu bat da, eta erosleak bere dirua inbertitzean, eskuratzeko duen boterea eta estatus soziala adieraziko dituen irudiaren bila dabil, eta oso gutxi dira, nahiz eta geroz eta gehiago izan, artisautza bidez sortutako pieza baten balore handia ezagutu eta baloratzen dutenak eta berezitasunaren bidal dabiltzanak.

Gehienetan, bezeroak, batez ere emakumeak, "bere bitxigilearengana" apetak adieraziz edo aholkua eskatuz joaten dira, eta bitxigilearengan jartzen dute konfiantza osoa eta horren gomendioei kasu egiten diete. Hori dela eta, ofizioa menderatzeaz gain , bitxigileak trebetasun aparta behar du bere zerbitzuak eskatzen dituzten bezeroekin harremanetarako.

Beterano batek dioenez, bezeroaren apetak interpretatzea beharrezkoa da, eta zenbaitetan oso zaila, maiz, oso argitasun gutxi ematen dutelako. Proposamenekin txundituta geratu behar dute eta bakoitzari egokitzen zaion proposamena eman behar zaio.