Oihala egitea

Ondoren, haria ehundegira pasatzen zen, eta bertan, ehungailuak erabiliz, oihalak egiten ziren. Irazkiez edo luzetarako hariez eta bilbez edo zeharkako hariez osatzen ziren oihalak, eta gero berrogeita hamar metro baino gehiagoko bobinatan biltzen ziren.

1970eko hamarkada arte, gehienetan 70 cm zabalerako oihalak egiten ziren, eta horretarako 2000 eta 2500 hari arteko irazkia behar zen, ehundu aurretik multzokatu behar zena. Eragiketa hori haria iraztatzeko makinan hasten zen. Lehenbizi 150 bobina edo txirrika jartzen ziren, bakoitzak bere haria bilduta zuela. Hariaren ertzak 6 eta 8 cm arteko zabalerako danbor batean kiribiltzen ziren, eta honek, jiratzerakoan, 150 hariak bildu eta bateratzen zituen, zerrenda deiturikoak osatuz.

Hainbat langile metxa-makinetaz arduratzen Gipuzkoako harigintzako fabrika bateanHainbat langile metxa-makinetaz arduratzen Gipuzkoako harigintzako fabrika batean. Aurrealdean kotoi metxak ikusten dira, aurreko argazkian agertzen ziren makinetan aurretik findu ondoren. Argazkia 1914aren aurretik egina da (Album geográfico descriptivo del País Vascongado).

Makina horrek leku handia behar zuen, eta hariak lokalean zabaltzen ziren, bobinak jartzen ziren euskarriak nahiko altueran jartzen ziren, eta handik biribilkatzeko makinaraino luzatzen ziren hariak.

Eragiketa hori iraztailearen (beti emakumea) esku zegoen. Berak jartzen zituen materialak behar zen tokian, makinak begiratzen zituen, eta batez ere hariren bat puskatzen bazen, makina gelditu egiten zuen, eta haria berriz ere elkartzen zuen hatz erakuslea eta hatz lodiarekin bi ertzak kiribilduz. Lan hori oso azkar eta trebetasun handiz egiten zuen, eta bobina baten haria bukatzen zenean ere gauza bera egin behar zuen, bobina berriko hariaren ertza bukatu berria zen bobinaren hariko ertz horrekin lotzeko.

Metxa-makinen funtzionamenduaz arduratzenMetxa-makinen funtzionamenduaz arduratzen. Makina horietan materiala finduagoa ikusten da jadanik. Antzeko instalazioak 1960-65era arte aritu ziren jardunean. Argazki hau ere 1914aren aurrekoa eta enpresa berekoa da (Album geográfico descriptivo del País Vascongado).

Garai hartan, mahoizko oihal on bat egiteko, beren artean kiribildutako bi hariz osatutako haria erabiltzen zen.

Hari bakarreko haria erabiltzen zenean, bata bestearekin ondo kolatu behar zen, horrela behin eta berriz puskatu ez zedin eta ehungailuetatik errazago irrista zedin. Horretarako, bildutako hariak zabaldu egiten ziren, kolaz betetako ontzi batetik pasatzen ziren, eta jarraian berriz ere biltzen ziren.

Jarraian, zerrendak irunak tolesteko makinara pasatzen ziren. Bertan, 13 edo 16 zerrenda jartzen ziren, behar ziren 2000 edo 2500 hariak lortu eta nahi zen oihala egiteko.

1960ko hamarkada arte, ehungailu bakoitza emakume batek, ehunlariak, ikuskatzen zuen, dena ondo zebilela ikusi eta hariren bat puskatzen bazen, ehulariaren korapiloa eskuz eginez hariaren bi ertzak berriz ere lotzeko.

Osatzen zen oihala makinatik irtetean, biribilkatu egiten zen. Behin oihal osoa bukatuta zegoenean, ehungileek luzeran errepasatu behar zuten, oihal gainean itsatsita geratu zitezkeen zuntz eta hari puskak kentzeko. Jarraian, berriz ere biribilkatu egiten ziren eta langile batek metratzeko makinara eramaten zuen bizkar gainean, han oihalaren luzera neurtzeko.

Harigintzako atala Gipuzkoako ehungintza lantegi bateanHarigintzako atala Gipuzkoako ehungintza lantegi batean, 1915 baino lehenago (Album descriptivo del País Vascongado 1914-1915).