Oihala tindatzea

Oihalak oraindik kotoiaren berezko artile kolore horia zeukan, eta handik tindategira pasatzen zen, bertan kolore urdin ilun edo "Bergarako urdin" bereizgarri horrekin tindatzeko. Prozesu horren lehen pausoa harien kola kentzea zen, horrela oihalaren gainazala garbi gera zedin eta tinduak ondo xurgatzeko. Horrez gain, zuntzen ezpurutasunak ere ezabatzen ziren zuriketaren bidez. Zuntzak zuritzeko, sosa kaustiko eta sosa fosfato disoluzio bainu batetik pasatzen ziren, gero bi arrabola tartetik pasa eta ura ateratzeko.

XVIII. mende bukaera arte, kotoia zuritzeko, lehen aipatu dugun prozeduraz gain, esne edo zerbeza minduan sartzen zen, eta ondoren aire librean uzten zen hiru hilabetetan. Horregatik, lantegiek lursail handiak behar zituzten inguruan, eta horrek lantegien kokapena baldintzatzen zuen. (1)

TindategiaTindategia, Diderot eta D'Alamberten Entziklopediaren arabera, XVIII. mende bukaera.

Oihalak tindatzeko, lehenbizi bobinetatik askatu eta tinduz betetako hainbat upeletatik pasatzen ziren. Jarraian, kolore finkatzailez betetako beste upel batzuetatik pasatzen zen, batez ere burdina fosfatoz eta kaparosaz beteak. Bi sustantzia horiek erreakzio kimikoak eragiten zituzten oihaleko zuntzetan, eta ondorioz oso kolore iluna hartzen zuten. (1) Azkenik, oihala bi arrabola (fular izenekoak) tartetik pasatzen zen, konprimituz, kolorea oihalean “sartu" zedin.

Prozesu hori oso neketsua zen. Oihalak  bederatzi aldiz pasa zitezkeen kolore finkatzailez betetako upeletatik. Upel bakoitzean pertsona bat aritzen zen lanean, eta prozesu osoari garapena esaten zitzaion. Hori guztia erabat aldatu zen 1960tik aurrera, oihalak tindatzeko makina jarraituak ezartzen hasi zirenean.

XIX. mende bukaera arte, erabiltzen zen tindua indigoa zen, lehen aipatu duguna. 1880an Bayerrek sintetizatzea lortu zuen, eta 1897tik aurrera era industrialean ekoizten hasi ziren. (2) Handik aurrera hidron urdinak, beste tindu sintetiko batek,  ordezkatu zuen indigoa, eta gaur egun oraindik hori erabiltzen da.

Bergarako Algodonera de San AntonioBergarako Algodonera de San Antonioko ehundegia, XX. mendeko lehen herenean (Album geografico descriptivo del País Vascongado 1914-1915).

Jarraian, “hotzean lehortzera” pasatzen ziren oihalak. Hori lehortegietan egiten zen, 12 metro eta gehiagoko eraikinak ziren, eta egurrezko saretak zituzten fatxada guztian. Lehortegiak, lantegiaren gainontzeko erakinen artean garbi nabarmentzen ziren, eta bertan oihalak erabat zabalduta izaten zituzten, askotan berrogeita hamar metro ingurukoak izaten zirenak. Luzeegiak baziren, sabaitik zintzilikatu eta lurrera iritsi baino lehen, kiribil bat egiten zitzaion eta gorantz zintzilikatzen zen. Oihalak aire librean erabat lehortu arte uzten ziren lehortegietan. Udan, nahiko zen egun bat; baina neguan, hiru egun edo gehiago behar izaten ziren. Oihalak eskuz zabaldu eta zintzilikatzen zituzten langileek, gehienetan lanegunaren bukaera egiten zen.

Azkenik, aprestu edo akabera estaldura bat ematen zitzaion oihalari, ukitzean leunagoa izan zedin. Horretarako patata almidoizko bainu jarrai batetik pasatzen zen. Ondoren, lehortu eta lisatzeko, oihala ur lurrinez berotutako zilindro handi batetik pasatzen zen.

Azkenik, emakumezko langile batek piezaren luzera neurtzen zuen. Horretarako, paretean metro bateko distantziara zeuden bi gakoetan esekitzen zituen oihal izurrak, eta bukaeran izur kopurua kontatzen zuen oihalak zenbat metro zituen jakiteko. Oihalak eskuz mozten ziren, guraizeekin.

Gipuzkoako harigintzako fabrika bateko langileakGipuzkoako harigintzako fabrika bateko langileak. Garai hartan makinen mugimendua uhal ugarik eragiten zuten, sabaian ezarrita zeuden eta nabearen espazioan nabarmentzen ziren polea batzuen bidez (Album geográfico descriptivo del País Vascongado. 1914-1915).

 

(1) Moler, tejer, fundir.  J. Nadal. Ariel Historia

(2) Compendio de tecnología Química. F.A.HENGLEIN. Marin argitaletxea.  1945.