Oinezko mezularietatik egungo postarietaraino

Urteen joan-etorriaz posta bidalketak nabarmen hobetu baziren ere, XVI. mendeak aurrera egin ahala, arazoak (adibidez, segurtasuna) larritzen joan ziren. Eduardo Verdegayk (1) Suárez de Figueroa aipatuz honakoa adierazten du: "Mezularien lanbidea posta zaldiz edo oinez eramatea da. Gutunak, agiriak, eskriturak, diruak eta holako gauzak eramaten dituzte soinean, printze, jaun, zaldun eta merkatarientzat. Bidaietan neke jasanezinak nozitu behar izaten dituzte, bidelapur eta ebasleen erasoen beldur; ibai, zubi hautsi, zorigaizto, ataka larri, izozte, elur-jasa, beroaldi eta beste hainbat eta hainbat ezbehar jasan behar izaten dituzte, askotan beren bidaiak ere galaraziz merkatarien kalterako eta ohar eta garrantzi handiko ebazpenen zain daudenen hondamendirako."

Egoera horren adibide gisa aipatu behar da Lepantoko gudaren (1571ko urriaren 7) amaieraren berriak hogei egun beranduago iritsi zirela Madrilera.

Hala, XVI. mendean postarien ordainsari sistemak honakoa agintzen zuen: "Bidaiak oinez egiten dituzten postariek, betiere hogeikora ari direnek (esan nahi da hogeita lau ordutan hogei legoa egiteko beharkizunak dutenek) vellonaren lau erreal jasoko dituzte ibilitako legoa bakoitzeko. Eta joana egin duenari irtendako lekuan ordaindu behar bazaio, vellonaren erreal bat emango zaio legoako, baina bidaia agindua joan-etorria egiteko bada, joateko eta etortzeko ordainsaria, jada aipatu diren vellonaren lau errealetan izango da". Era berean, beste honako hau ere zehazten zen: "hamabost legoako bidaiak egiten direnetan, hiru erreal ordainduko da legoako eta erreal bat erdi, hamabikoetan.".

Posta, Bidalketa, Errepide eta holakoen Ordenantza Orokorrak, 1794koak, xehetasunez arautzen zuen postarien lanbidea. Ordenantza horretako xedapen batzuetan postariak hautatzeko, botatzeko ustezko egoerak eta diziplina erregimena arautzen zen. Postaria "posta iristen den egunetan aurkeztu behar da postetxeetan, edota posta administrariek adierazten dizkioten egunetan; baina ez da sartuko bulegoan berak banatu behar duen posta eskuratzeko deitzen dioteneraino". Horrekin batera, honakoa ere agintzen zen: "gutunak errazago eta azkarrago bana daitezen, administrariek auzoetan banatuko dute biztanleria eta postari bakoitzari horietako baten ardura emango diote. Ahaleginak egingo dira auzo baten ardura hartu duen postaria auzo horretan bertan bizi dena izateko".

Honela finkatzen zen ordainketa: "Postariek postetxeetatik interesatuen etxeetara eramaten duten gutun edo agiri bakoitzeko gutunazalean zehaztutakoaz gain beste laurden bat kobratzeko baimena ematen diet, eta beste laurden bat beren postuetan jaso eta postetxera eramaten duten bakoitzagatik, betiere bere lanaren saritzat agintzen dudan kuota hau gainditu gabe".

Posta zerbitzu publikoa ohiz ondo araututako lanbidea izan da. Postarien eginkizunak 1852ko uztailaren 5eko Erregelamenduan arautzen ziren; horretan "postak banatzeko bigarren mailako laguntzaile"ak deitzen zaie postariei, eta honakoa ere adierazten da horiei buruz "geroz eta gehiago dira biztanleria handiko lekuetan". Hala da, postariak gehitzen ari ziren eta Postarien Bazkundeak antolatzen hasi ziren, baita Administrazioan ere. Postarien kopurua eta maila, eta funtzionarioak nortzuk ziren edota horiei ordaindu beharrekoa zenbatekoa zen xehetasun osoz jasotzen zen Administrazioan.

Aipatu beharrekoa da legegileak, uniformearen erabilera arautzeaz gain, zera adierazten zuela: "adinagatik edo zerbitzuan jarraitzeko ezintasunagatik lana utzi behar zutenei erretiroa jasotzeko abantaila onartzen zitzaien eta kasu bakoitzari zegozkion erretiroa eta pentsioak zehazten ziren kategoria eta lan egindako urteen arabera. Horiek ondoko taulan jaso ditugu gehiegi ez luzatzearren

Errealak egunero
Lan egin dutenak Postari arduradunak Lehen mailako postariak Bigarren mailako postariak Lehen mailako laguntzaileak Bigarren mailako laguntzaileak
10 urtetik 14 bitarte 8 6 5 4 3
14 urtetik 18 bitarte 10 8 6 5 4
18 urtetik 20 bitarte 12 10 7 6 5
20 urtetik gora 14 12 9 7 6

Monopolioaren arautegian aldaketa etengabeak egin behar izan dira aurrerakuntzari aurre egiteko, prezioak bateratzeko posta zigiluaren bidez aldez aurretik ordaintzeko sistema egokitzeko (1850. urtearen hasieratik). Gero garraio bideak garatu ziren eta XIX. mendearen azken herenean trenbide sarea hedatu zen. Garraio sistema horrek posta banatzeko ohiko sistema erabat aldatu zuen, eta trena iristen zen lekuetan banaketa kalez kale egiten zuen postariaren figura sortu zen. Hala eta guztiz ere, eta errepideetan ere aurrerakuntza handiak egin arren, 1920an 108 posta banaketa egiten ziren zaldiz eta 3.533 oinez. Azken horiek 85.000 kilometroko ibilaldia egiten zuten denen artean, hau da, batez beste 25 km oinez postari bakoitzak. 1887. urtetik aurrera itsas posta jarri zen abian eta 1920an hegazkin bidezkoa.

Posta zerbitzu publikoa premia berri eta askotarikoei erantzuten ari da eta XX. mendearen hasierako hirietan "postari irakurleak" hasi ziren agertzen. Horiek gutun eta agirietako helbideak irakurtzeko espezialitatea hartu zuten, postak gero hobeto banatu ahal izateko, kontuan izan behar baita posta jada "hartzaileari eskura eman behar zaio bere etxean bertan edota horren familiako helduen bati edo zerbitzarien bati".

Lehen mailako postariaren soldata egunean lau pezetakoa zen, hiru pezeta bigarren mailakoena eta bi eta erdi postontzietara joaten zirenena. Ordainsari horiek banaketa eskubideekin ordaintzen ziren (0,05 pezeta kartazaleko), eta postariek 1989an sortutako posta bazkundekoak ez baziren, ez zuten funtzionario kategoriarik izaten. Horrekin batera, geroz eta indar gehiago ari ziren hartzen landatar postariek, hau da, nork bere herrian posta bildu (horretarako postontzi bat izaten zuten beren etxean), jaso eta banatzen zutenak; herri txikietan antzeko lanak oinez egiten zituzten postariak ere geroz eta gehiago ziren.

MarrazkiakJulen Zabaletaren marrazkiak, posta sistemen bilakaerari buruz.

 

(1) Historia del Correo desde los orígenes hasta nuestros días. Eduardo Vordegay y Fiscowich. Madril 1894.