Oinezko postariak

Oinezko postarien eginkizuna funtsean herritarren korrespondentzia jaso eta bideratzea eta iristen zena bakoitzak berari zegokion auzo eta baserrietan banatzea zen. Jarduera hori ohiz lanbide nagusiaren osagarritzat jotzen zuten.

Manuel Arginberri Elorriaga (1921) Deba aldeko landatar zonan oinezko postari izan zen. Horrek adierazi digunez, berak eta bera bezala Itziarren bizi ohi zen bere aurreko postari Juan Jose Aizpuru Etxabek (1993-1969) oinez egiten zituzten Itziarretik Deba arteko bost kilometroak, horko postetxean jasotzen zen korrespondentzia hartu eta herritarrei banatzeko. Esan gabe doa, euria egiten zuenean eta haizeak jotzen zuenean Itziar-Deba bitarteko joan-etorri horiek ez zirela bat ere atseginak izango da; gainera orografiak ere ez zuen askorik laguntzen bidea eta banaketa bizikletaz egiteko. Hala ere, ibilgailuak etorri zirenean nabarmen hobetu zen postari mota hauen eginkizuna.

Beste kasu batzuetan oinezko postariek beraiengandik gertuen zegoen tren geltokian edo beste edozein garraio edo loturaren bulego edo lokalean jasotzen zuten korrespondentzia.

Itziarren "Aginagalde etxe"an zegoen postontzi bat, eta postaren bat bidali nahi zuen herritarrak han utzi behar izaten zuen gutuna edo dena delakoa. Zertifikatu eta itzultzeak bidaltzeko, edota preso edo soldadutzan zeudenentzako janari paketeak eskuz entregatzen ziren bere etxeko bebarruan prestatutako lokal batean; postariak ziurtagiri bat ematen zion holako kasuetan herritarrari.

Joan-etorrietarako motxila antzeko poltsa bat erabiltzen zuten postetxerako agiriak eta gutunak eramateko edota herritarrentzako zirenak (besteak beste, igorpenak) banatzeko. Eskuartean erabiltzen zuten diruengatik ere bat baino gehiago izaten zen kezkaturik, batez ere dirutza handiak jasotzen zituztenean, adibidez, Torrelavegako ganadu feriak eta holakoak egiten zirenean.

Posta urrutiko baserrietara eramatea eginkizun zaila egiten zenean, posta-hartzaileak ohiz jaisten ziren lekuetan (dendak, senideren baten etxea, eta abar) uzten zuten posta. Hala, urrutiko baserrian bizi zena merkatu egunean edo elizkizunetara jaisten zenean posta jasotzeko aukera izaten zuen. Alabaina, gutuna presakoa bazen, helbidera eraman beharra izaten zen. Gertatu ohi zen halaber gutunen bat espero zuenak oinezko postariaren etxera jotzea, bere izenean ea ezer jaso den ikustera. Itziarko postariei dagokienez, 1949an hileko soldata 2.400 pezetakoa zen.

Aspaldi-aspaldiko garaietan postontziak jartzen ziren gutunak banatzeko eta jasotzeko elizetan eta baita ere udaletxean edo udalaren lokaletan.

Treneko postari ibiltariakTreneko postari ibiltariak. L`illustration, 1848ko irailaren 23, 291 zk., 58. orrialdea.

Oinezko postariek gogoan dituzte baserrietako txakurrek, landa eremuko postariei baino gutxiagotan bada ere, batzuetan eragiten zizkieten arazoak. Txakurrak "etsairik handienak" ziren oinezko postarientzat.

Iraganeko urteetan postariaren etorrerak ikusmina sortzen zuen herritarrengan "emaztegaiak soldadutzan zegoen senargaiagatik, merkataria bere eskariaren zain zegoelako edo generoa itxaroten zegoelako, etorkinak familiakoen berri jakin nahi zuelako...". Gaur egun, etxeetako postontziak korrespondentziaz gainezka daude, publizitatea ere korrespondentziatzat jotzen badugu, behinik behin. Postontzietan publizitatea jasotzea, beraz, errutina bihurtu da, eta inolako gutunik jasotzen ez duten etxeetan izan ezik, errutina hori Udalak edo Ogasuna bidalitako isun edo jakinarazpenak baino ez du hausten.

Egun berezi batzuetan, adibidez, Gabonetan, postariari sari bat ematen zitzaion urtean zehar egindako lana eskertzeko. Egun horietan herritarrei helarazten zizkieten txarteltxo haiek oroitzapen hutsa baino ez dira.

Gure herrialdeko postariek merezi duten onespenik jaso ez badute ere, leku batzuetan onespen horren lekukoak jaso dituzte. Barakaldon, esate baterako, monolito bat jaso dute eta Santurtzin kale bati postari baten izena eman diote: German.

Postaria trizikloanPostaria trizikloan. Postontzietako korrespondentzia jasotzen Vienak. La ilustración española y americana. 1987ko maiatzaren 1, 10 zk., 181. orrialdea.

 

Berriemaile nagusiak

  • Joaquín Alberdi Arteche (1920)
  • Manuel Arguinberri Elorriaga (1921)
  • Valentín Crecente Saenz de Cámara (1923)
  • Carlos López Núñez (1955).