Olagarroa

Olagarroa (amarratz edo amarrate gisa ere ezaguna dena) edo octopus vulgaris, oso ohiko espeziea da gure kostaldean. Azkarra eta isurbera da, ondo garatutako burua du eta oso begi handiak. Gorputzak globo forma du, baba formako protuberantziekin. Horrez gain zortzi tentakulu ditu, oinarri zabalekoak eta puntan amaitzen direnak. Tentakulu horien azpian bentosak ditu, ibili, borroka egin eta gauzak hartzeko.

Olagarroak bost urte inguru bizi omen dira, eta momentuan aurkitzen diren inguruaren kolorea hartzeko gaitasuna dute. Beren burua arriskuan ikusten dutenean, tinta botatzen dute beren etsaiengandik babesteko. Kostaldean bizi dira, eremu hondartsuetatik gertu, arroka tartean. Izkirak, ganbak, krustazeoak eta arrainak jaten ditu, zelata bidez harrapatzen dituenak.

Olagarroa arrantzalearen amura hurbiltzen daOlagarroa arrantzalearen amura hurbiltzen da. (Argazkia Amaia Ros).

Izan ere, mimetismo handia dute, eta horri esker harrapakinera asko hurbiltzen dira, azkenik haren gainera salto egiten duten arte. Pozoia jariatzen dute (horregatik haren hozka arriskutsua da), harrapakina paralizatzeko. Mutriku eta Zumaia artean olagarroa harrapatzen aritzen diren arrantzaleen arabera, maiatza aldera kilo erdia pisatzen dute; uztaila aldera kilo bat, eta irailean hiru eta lau kilo bitartean. Bi kiloko olagarroa pieza ontzat jotzen da, nahiz eta sei kiloko olagarroak harrapatzera iritsi diren.

Itsasoko animaliarik azkarrenetako bat dela esaten da, egoera baten aurrean hainbat jokaera ezberdin izan baititzake, eta gehienetan jokaera horiek senak baino gehiago garunak zuzentzen baititu. Arrantzaleek badakite olagarroa harrapatzeko lehen kolpean huts egiten badute, olagarroa ez dutela berriz ere amuarekin engainatzea lortuko.

Aditu guztiek azpimarratzen dute, ugalketa garaian (udaberrian), olagarroak bere bakardadetik atera eta oso txeratsu agertzen direla, emeei besarkada handiak eman eta tentakuluak bata bestearekin korapilatuz. Horren ondorioz, bere etsaiengandik babesteko (itsas aingira, mero zuria) erabiltzen dituen neurriak gutxitu egiten ditu .

Arrak hazia obario ondoan jartzen du, baina emea berriz ere beste ar batekin parekatzen bada, bigarrenak lehen olagarroaren hazia kendu eta berea jartzen du.

Eme bakoitzak 300.000 eta 500.000 arrautza artean jartzen ditu, nahiz eta bi edo hiruk bakarrik lortzen duten heldutasunera heltzea.