Produktuak

Pimfa Cascanten (Nafarroa) dagoen enpresa txiki bat da, eta olibondo zurarekin hainbat tresna egiten espezializatua da. Enpresa sortu zenean, 1960 inguruan, Gabino Falcon eta Antonio Fernandezek martxan jarritako lantegiaren eragin argia izan zuen. Izan ere, olibondo zura erabiltzen zuten lehengai bezala, eta harekin hainbat tresna egiten zituzten. Batzuetan adarrak ere erabiltzen zituzten, baina ia modu marjinalean eta tresna txikiak egiteko bakarrik.

1975 aldera, Faustino Jimenez Clementek (1955), ia hamarkada bat lantegian lanean zeramanean, lantegitik banandu, Angel Clemente Feliperekin (1961) elkartu eta berri bat sortzea erabaki zuen. Merkatuko eskariaren araberako aldaketa ugari egin ondoren, lantegi hura Pimfa da gaur egun, eta hamar bat pertsona ditu bertan lanean.

Lehen aurreratu dugun bezala, erabiltzen duten lehengaia olibondo zura da, Katalunian eta Levante inguruan bitartekariei erositakoa. Azken hauek zura olibondo jabeei erosten diete, hainbat arrazoiengatik errotik ateratako zuhaitzak dituztelako. Material soberakinak hainbat eskatzaileri saltzen dizkiete.

Pimfak produktu-sorta zabala dauka, erabilitako lehengai eta fabrikazio nahiz akaberak direla eta duen edertasunagatik ospetsua dena. Salmenta-kopuruagatik aipagarriak dira entsalada-ontziak (15 tamaina) eta almarizak (4 tamaina). Halaber, pitxerrak (7), ogi-saskiak (5), azpilak (1), intxaur-hauskailuak (1), hirustak (3), hostoak (7), gopor edo bolak (7) eta mahai-tresnak (2) egiten dituzte.

Productos de madera