Ontziolak

Euskal Herriko kostaldean, egurrezko ontziak egiteko erabili ziren azken ontziolak erraildun plano inklinatu bat besterik ez ziren. Errail horien gainean gurdi bat egoten zen, eta horren gainean eraikitzen zen ontzia. Hango arotzek eraikitako teilape batek estaltzen zuen ontziola (askotan ia ez zen ezta eraikitzen ari ziren ontzia ere sartzen), eta askotan ez zuten ezta hormarik izaten eguraldi txarretik babesteko.

Ontziolara atxikitako beste teilape baten azpian lantegi txiki bat egoten zen, eta bertan egurrezko pieza txikiak egiten ziren, eta horretarako, besteak beste zinta-zerra eta hainbat arrabotatzeko makinak erabiltzen ziren. Izan ere, aipatutako makina horiek ziren erabil zitezkeen bakarrak.  Beste lan guztia eskuzko erremintekin egiten zen, batez ere hainbat eratako zerrak, zeioak, aizkorak, mazoak, mailuak, arrabotak, garlopak, trintxak eta gubiak, sarjentuak, birabarkiak, metxak, kupel begiko laztabinak eta istinkatzeko hainbat itxitura erabiliz. Neurketak egiteko, neurketa-zintza, arotz-metroa, konpasa, eskuaira eta sasieskuaira erabiltzen zituzten. 1950etik aurrera, erreminta elektriko batzuk erabiltzen hasi ziren, eta horrek lana asko erraztu zien.

Askotan ez zuten ontzietako piezak mugitu eta muntatzeko garabirik edo ontziak jasotzeko mekanismorik. Ondorioz, lan hori arotzek beraiek egin behar izaten zuten, indar eta trebetasun handiz.

Ontzi baten armazoiaOntzi baten armazoia (izurrak) egiten Pasai Donibaneko San Roke ontziolan, 1920ko hamarkadan. (KUTXA FOTOTEKA).

Ontziolako arotzak ontzi baten kroskoa armatzenOntziolako arotzak ontzi baten kroskoa armatzen, xx. mende hasieran. (KUTXA FOTOTEKA).